Mundua -
Urakanen sasoia
Milaka pertsona ebakuatu dituzte Floridan 'Alberto' ekaitza tarteko
Atlantikoko urakan sasoiko lehen ekaitz subtropikala da honakoa.
Agentzia | Erredakzioa
Milaka pertsona ebakuatu dituzte gaur Floridan (AEB) 'Alberto' ekaitz subtropikala estatura hurbiltzen ari dela eta. Mexikoko Golkotik barrena, iparralderantz ari da mugitzen ekaitza, eta aurreikuspenen arabera, uholdeak utz ditzake AEBko hegoaldeko kostaldean. Atlantikoko urakan sasoiko lehen ekaitz subtropikala da 'Alberto'.
Floridan 16:00ak zirenean, Apalachicola hiritik (Mexikoko Golkoko kostaldean) 190 kilometrora zegoen, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak emandako datuen arabera.
Adituek iragarri dutenez, azken orduotan indarra hartu du ekaitzak, eta 85 kilometro orduko haize-boladak eragin ditzake. Mississippi eta Georgia estatuak kolpatuko ditu gogorren, iturrion arabera.
Floridako agintariek larrialdi egoera ezarri dute 67 konderritan, eta tornadoak ere egon daitezkeela ohartarazi dute.
AEBra iritsi baino lehen Kuba astindu du 'Alberto'k: 5.000 pertsona atera behar izan dituzte euren etxeetatik, eta uholdeak izan dira.