Mundua -

Hauteskundeak

Duque eta Petro lehiatuko dira Presidentetza hauteskundeen bigarren itzulian

Kolonbiako eskuin eta ezkerraren faboritoak aurrez aurre izango dira hauteskundeen bigarren itzulian.

Ivan Duque, lehen itzulian boto gehien batu dituen hautagaia. Argazkia: EFE
Ivan Duque, lehen itzulian boto gehien batu dituen hautagaia. Argazkia: EFE
Muturreko aukerak gailendu dira Kolonbian lehen itzuliko bozketan

1:29

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ivan Duque hautagai kontserbadoreak erraz irabazi ditu (% 39,14) igandean Kolonbiako Presidentetza hauteskundeen lehen itzulia, eta bigarren itzulian (ekainak 17) Gustavo Petro ezkerraren (% 25,09) hautagaia izango du aurrez aurre, datu ofizialen arabera, botoen % 99,99 zenbatuta dagoenean.

Hala, Zentro Demokratiko Alderdiko hautagaiak, Duquek, 7.567.785 boz jaso ditu, Petrok 4.850.639, eta Sergio Fajardok 4.588.499 (% 23,73).

"Kolonbiarrek konfiantza botoa eman digute gaur, Kolonbian eraldaketa has dezagun, horregatik, gaur esan nahi dut gure herrialdea batuko duen presidentea izan nahi dudala", esan du Duquek bere jarraitzaileen aurrean, "akordioa deuseztatu" egingo ez duela argitu eta gero.

"Ez ditugu bake akordioak hautsi nahi, argi utzi nahi dugu bakea nagusi den Kolonbian, bakeak justiziarekin topo egiten duela, egiarekin, ordainarekin eta zigorren betearazpenarekin", Duqueren esanetan. Gainera, Alvaro Uribe presidenteordeari eskerrak eman dio, lehen itzuliaren emaitzak ezagutu ostean egindako agerraldian.

Gustavo Petro, presidente izan zitekeen ezkerraren hautagaia. Argazkia: EFE

Gustavo Petro, presidente izan zitekeen ezkerraren hautagaia. Argazkia: EFE

Petrok bake akordioak mantentzeko konpromisoa hartu du, sektore txiroenei zuzendutako gizarteratze planak babestu ditu eta ukatu du lurrak desjabetzeko asmoa duenik. "Kolonbiaren historia alda liteke", azpimarratu du.

Laugarren postuan German Vargas izan da, 1.407.781 boto (% 7,28) lortuta, presidenteorde ohiak espero zuena baino askoz babes gutxiago. Ondoren, Humberto de la Calle, 399.123 botorekin (% 2,06).

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak presidentetza-hauteskundeen bozketa egunean izan den lasaitasun giroa goraipatu du, bozketa hasi eta gutxira egin dituen adierazpenetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia Latinoamerika Hauteskundeak