Mundua -
DESNUKLEARIZAZIOA
Ipar Koreak proba nuklearrak egiteko Punggye-riko zentroa suntsitu du
Kim Jong Un Ipar Koreako buruak zentroa desegiteko konpromisoa hartu zuen apirilaren 27an Hego Koreako presidentearekin egin zuen bileran, bi herrialdeak 'guztiz desnuklearizatzeko' lehen pauso gisa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Koreak proba nuklearrak egiteko Punggye-riko zentroa desegin du ostegun honetan, leherketen lekuko izan diren nazioartek hedabideek jakinarazi dutenez. Hain zuzen ere, lehergaiak erabili dituzte zentro horretako tunelak suntsitzeko.
Kim Jong Un Ipar Koreako buruak zentro hori desegiteko konpromisoa hartu zuen apirilaren 27an Hego Koreako presidentearekin egin zuen bileran, bi herrialdeak "guztiz desnuklearizatzeko" lehen pauso gisa.
MBS Hego Koreako telebista kateko kazetariek azaldu dutenez, eztandak Ipar Korean 11:00ak zirenean hasi dira iparraldeko galerietan eta hiru ordu geroago leherketa gehiago izan dira mendebaldean eta hegoaldean (2006ko proba nuklearrean ekialdeko sarea erabili ezinda gelditu zela uste da). Ondoren, Punggye-riko barrakak eta beste instalazio batzuk birrindu dituzte.
Zentroa urrutiko toki batean dagoenez, kazetariek ohartarazi dute ez dela posible izango asteazkena baino lehen irudiak eskaintzea. Horrez gain, ez dute baieztatu Ipar Koreako buruzagiak lanak bertatik bertara jarraitu dituen ala ez.
Donald Trump AEBko presidentea eta Kim Jong Un Ipar Koreako buruak ekainaren 12rako bilera hitzartuta badute ere, bi aldeek ohartarazi dutenez litekeena da batzarra ez egitea.