Mundua -

Presidentetza hauteskundeak

Nazioarteko begiraleek babestu egin dute Maduroren berrautaketa

Zapaterok esan du bozketa eguna lasaia izan dela. Bertuccik atzera egin eta bere porrota onartu du, 1.000 salaketa jaso zituela esan bazuen ere. Falconek ez du aurkaratzerik aurkeztu.

Latinoamerikako Hauteskunde Adituen Kontseiluak ere babestu du prozesua. Argazkia: EFE
Latinoamerikako Hauteskunde Adituen Kontseiluak ere babestu du prozesua. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako presidentetza hauteskundeetan parte hartu zuten nazioarteko begiraleek bermatu egin dute prozesua eta Nicolas Maduroren berrautaketa aintzatestea eskatu dute, oposizioaren eta prozesuaren zuzentasuna onartzen ez duten 20 bat herrialderen zalantzak eta kritikak xamurtzeko asmoarekin.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak -nabarmenena izan da begiraleen artean- Efek egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, bozketa eguna baketsua izan da, eta onartu du hauteskundeetan galdu duten hautagaiek aurkaratzea aurkezteko aukera dutela.

Maduroren berrautaketa ahalbidetu duten emaitzak ezagutu ostean -6.190.610 botorekin- Henri Falconek (1.917.036 boz) eta Javier Bertuccik (988.761) adierazi zuten ez zituztela emaitzak aitortzen, eta prozesua errepikatzearen alde agertu ziren.

Alabaina, Bertuccik esandakoa zuzendu eta Maduroren garaipena onartzea erabaki du, nahiz eta lehenago esan zuen 1.000 salaketa baino gehiago dokumentatuta zituela. Oraingoan, hala, abstentzioari aurpegiratu dio porrota, % 53,98koa izan baitzen.

Gainera, Madurok atzo egindako elkarrizketarako deiarekin bat egitea onartu zuen.

Falcon, bere aldetik, Batasun Demokratikoaren Mahaitik bereiztea ordainduta, isilik mantendu da, atzo bere taldeak prozesuaren aurkako ekintzak egingo zituela iragarri bazuen ere.

Latinoamerikako Hauteskunde Adituen Kontseiluak ere babestu du prozesua. Horren presidenteak, Nicanor Moscosok, adierazi duenez, "guztiek onartu behar dituzte hauteskunde hauek".

"Venezuelako herriaren borondatearen ondorio dira", ziurtatu du Moscosok, hauteskundeen balantzea aurkezteko Caracasen egindako prentsaurreko batean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Hauteskundeak