Mundua -

Hegazkin-istripua

Istripua izandako hegazkineko zatiak biltzen eta beste kutxa beltzaren bila ari dira

Habanatik Holguinera zihoan DMJ-972 hegaldiko 113 bidaiarietatik 110 hil ziren.

Kuban istripua izandako hegazkinaren argazkia
Kuban istripua izandako hegazkinaren argazkia
Kuban istripua izandako hegazkinaren argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean Habanan izandako hegazkin-istripuaren arrazoiak aztertzen ari dira adituak. Cubana de Aviación konpainiaren DMJ-972 hegaldian zihoazen 113 bidaiarietatik 110 hil ziren. Hegazkinaren piezak biltzeaz gain, bigarren kutxa beltzaren bila ari dira.

Kubako hiriburutik abiatu eta berehala erori zen laborantza eremu batean Habana - Holguin bidea egiten ari zen Global Air enpresari alokatutako Boeing 737 hegazkina. Erori zen tokian ari dira oraindik ikerketa lanak egiten.

Armando Daniel Lopez Kubako Aeronautika Zibileko Institutuko presidentearen esanetan, hegazkin hondakinak aireportuko eremu batera eramaten ari dira, bertan aztertzeko.

Bestalde, Kubako albiste agentzia ofizialaren arabera, kontrol kabinako ahotsak erregistratzen dituen kutxa beltza egoera onean aurkitu zuten atzo, eta hegaldiaren parametro teknikoak grabatzen dituen kutxaren bila ari dira. Dena den, hori ez dela erabakigarria esan du.

Mexikoko aeronautika agintaritzako bi adituk bat egin dute ikerketarekin, hegazkina herrialde horretako konpainia batena zelako.

Era berean, Mexikoko Aeronautika Zuzendaritza Nagusiak konpainia horren auditoria bat egingo duela iragarri zuen igandean, "gaur egun hegan egiteko dituzten baldintzek arauak betetzen dituztela ziurtatzeko".

Istripuaren eremua Habanako aireportutik kilometro batera dago, eta behar beste denbora izango dute itxita. Izan ere, ikerketak "egunak, asteak edo hilabeteak" iraun ditzake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Kubako albisteak gaur