Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Hurrengo sei urteetarako presidentea aukeratuko dute bihar Venezuelan

Lau hautagai aurkeztu dira. Bestalde, MUD Batasun Demokratikoaren plataforma opositoreak abstenitzeko dei egin die jarraitzaileei.

Maduroren kanpaina amaierako irudia. Argazkia: EFE
Maduroren kanpaina amaierako irudia. Argazkia: EFE
Maduroren kanpaina amaierako irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako hauteskundeak 2018 maiatzak 19: Lau hautagai aurkeztu dira bozketara

Krisi politiko, ekonomiko eta sozial handi baten pean ospatuko dira gaur Venezuelako hauteskunde presidentzialak. 20 milioi venezolarrek dute boto-eskubidea, eta besteak beste, hurrengo sei urteetan nor izango duten presidente erabaki beharko dute. Lau hautagai aurkeztu dira, baina MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak ez du parte hartuko eta abstenitzeko eskatu diete euren jarraitzaileei.

Oposizioak eta nazioarteko komunitatearen zati batek (AEBek, Europako Batasunak, eta latinoamerikako hainbat herrialdek) jada iragarri dute ez dituztela hauteskunde hauen emaitzak onartuko, "beharrezkoak diren berme demokratikoak egon ez direlako" euren hitzetan.

Aitzitik, "demokrazia lezio bat" izango dela erantzun die Nicolas Maduro egungo presidenteak.

Hautagaiak

Lau presidentegai aurkeztu dira hauteskunde hauetan: Nicolas Maduro, Henri Falcon, Javier Bertucci eta Reinaldo Jose Quijada.

Nicolas Maduro egungo presidentea 2013an iritsi zen kargura, Hugo Chavez bere alderdikidea hil eta gero. Bere agintealdia oso polemikoa izan da, eta oposizioak Venezuela Hego Ameriketako herrialde aberatsena izatetik gosete eta eskasiara kondenatzea leporatu dio.

Henri Falcon opositorea da buruzagi chavistaren aurkari nagusia. Alianza Progesista (AP) alderditik aurkeztu da, MUDekin hautsi eta hauteskunde hauetan parte hartzea erabaki ostean. Bere webgunearen arabera, Mugimendu Bolivartar Iraulatzailea 200 (MBR-200) alderdiko sortzailea izan zen, baita MVR edo Movimiento V Republica (eta Venezuelako Alderdi Sozialista Batukoa (PSUV) ere.  Hugo Chavezen ideia politikoak babestu zituzte mugimendu horiek baina gero horietatik urruntzen joan da Falcon.

Javier Bertucci apaiza izan zen Maranatha eliza ebanjelikoan, eta enpresaburua ere bai; izan ere, hainbat enpresa baititu medikamentuei eta elikagaiei loturik. Justiziarekin izan dituen liskarrengatik ere ezaguna da, batez ere, 5.000 tona dieselekin kontrabandoa egiteagatik eta Panamako Paperetan egoteagatik.

Unidad Política Popular 89 (Batasun Politiko Popularra, UPP89) alderdiak proposatutako hautagaia da Reinaldo Quijada, eta inkestek adierazten dutenez, azken postuan dago. 1960an jaio zen, Suitzan, eta ofizioz ingeniari elektronikoa da. Politikan hasi zenean, Chavezi babesa eman zion, eta orain, Venezuelari politika morala itzuli nahi dio.

Kritikak eta babesak hauteskundeei

Erbestean dagoen Venezuelako Auzitegi Gorenak ohartarazi du hauteskunde hauek "legez kanpokoak" izango direla: "Asanblada Nazional Konstituziogilea osatzen duten pertsona horiek deitutako edozein ekintza -erakunde horrek deitu ditu hauteskundeak- nuloa eta baliogabea izango da". Tesi horri heldu diote, besteak beste, AEBek ere.

Venezuelako Gobernuak bere burua defedatu du prozesua gardena izan dela esanez, eta besteak beste, Latinoamerikako Hauteskunde Prozesuetako Adituen Batzordeko 20 kide izango direla hauteskundeak ikuskatzen adierazi du.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak parte hartu du hauteskunde aurretik oposizioarekin izan diren elkarrizketetan eta Venezuelan dago begirale gisa. Zapaterok gogor kritikatu ditu Venezuelaren egoerarekiko "jarrera erradikalak bultzatzen dituztenak" eta "bakearen nahiz elkarrizketaren alde egiten dutenei denborak arrazoia" emango diela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro