Mundua -
Sarraskia Gazan
Gazan operazio militarra egingo duela ohartarazi du Israelek, protestak eten ezean
Israelgo Armadako soldaduek gutxienez 16 palestinar hil eta 2000 inguru zauritu zituzten tiroz, atzo, Gaza eta Israelen arteko mugan. Hori dela eta, dolu eguna deitu dute gaurko Palestinan.
agentziak | erredakzioa
Israelgo armadak ohartarazpen argia egin die gaur palestinarrei: Gazako mugan protesta eta liskarrekin jarraitzen badute, operazio militarra egingo dute Gazan. Palestinarrak protestan dira atzotik, 'Nakba' arabiarrentzat "hondamendia" delakoaren 70. urteurrena dela eta (Israelgo Estatuaren sorrera eta milaka palestinar euren etxeetatik botata amaitu zen prozesua).
Ronen Manelis Israelgo bozeramaile militarrak prentsaurrekoa eman du atzoko egun bortitzaren ondoren (gutxienez 16 palestinar hil zituzten eta 2.000 inguru zauritu), eta mehatxua egin die gaur ere protestan daudenei: "Israelgo Estatuak ezin du ez eta ez du utziko honek aurrera egiten" eta "Gazako franjaren barruan erantzutera behartuko gaituzte.
Dolu eguna
Mahmud Abbas Aginte Nazional Palestinarreko buruak dolu eguna ezarri du gaurko, atzoko hilketak salatzeko, eta Yusef al Mahmud Gobernuko bozeramaileak esan du eskola, unibertsitate eta erakunde publiko guztiak itxita egongo dira.
Abbasek nazioarteko babesa eskatu du palestinarrentzat: "manifestazioetan izan diren martiri eta zauritu kopuruak argi uzten du nazioarteko komunitatearen eskuhartzea behar dugula" esan du.