Mundua -
EKINTZA TERRORISTA
Lau hildako Frantzian izandako eraso terroristan
Poliziak erasotzailea hil du. Frantziako presidenteak adierazi duenez, Trebeseko bahiketa 'ekintza terrorista bat' izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Lau pertsona hil eta beste 15 zauritu dira Frantzia hegoaldean izandako eraso terrorista katean, Frantziako Barne Ministerioak baieztatu duenez. Erasotzaileak lau gatibu hil eta bi polizia zauritu ditu Trebes udalerriko supermerkatu batean, Carcassonnetik gertu. Aurrez, erasotzaileak auto bat lapurtu eta gidaria hil du. Gero, korrika egiten ari ziren lau poliziaren kontra tiroka hasi da Carcassonnen eta horietako bat zauritu du. Azkenean Poliziak erasotzailea hil du, hain zuzen ere, dozenaka pertsona gatibu hartu dituen supermerkatuan bertan. Emmanuel Macron presidenteak eta Edouard Philippe lehen ministroak hedabideen aurrean jakinarazi dutenez, "ekintza terrorista bat" izan da.
Ordu luzez bizitako tentsioaren ostean, segurtasun indarrak Trebes udalerriko Super U saltokian sartu dira, eta erasotzailea hil dute. Hildakoa Redouane Lakdim da, 25 urteko frantziar-marokiarra, erradikalizazioagatik Frantziako Poliziak fitxatuta zuena. Halaber, aurrekariak zituen delitu txikiengatik.
Kasuko iturriek baieztatu dutenez, Polizia 14:25ean sartu da supermerkatura eta erasotzailea hil du. Halaber, polizia operazio horretan bi jendarme zauritu dira.
Eraso oldea goizean hasi da Carcassonnen. Izan ere, pertsona bat hilda topatu dute, buruan tiro batekin. Agintarien arabera, erasotzaileak lapurtu duen autoko gidaria da hildakoa. Gerora, auto hori erabili ei du erasotzaileak bere ekintzak gauzatzeko.
Gauzak horrela, auto horrekin korrika egiten ari ziren lau polizia harrapatzen ahalegindu da Carcassonnen. Gero, horien kontra tiroka hasi da eta horietako bat zauritu du. Dena den, agintarien esanetan, arriskutik kanpo dago.
11:00ak aldera, ostera, armak eskuan Super U supermerkatuan sartu da eta bertan zeuden hainbat pertsona gatibu hartu ditu.
Thierry Desouches Super U supermerkatu kateko bozeramailearen esanetan, 2.000 metro koadroko azalera duen denda bat da eta 50 pertsonak egiten dute lan. Hala ere, enpresak ez daki bahiketaren unean zenbat langile zeuden lanean.
Pariseko terrorismoaren aurkako Fiskaltzak bere gain hartu du ikerketa, Frantziako Barne Ministerioko iturriek baieztatu dutenez.
Frantziako hedabideetan zabaldutako informazioaren arabera, erasotzaileak Estatu Islamikoko (ISIS) kide dela aldarrikatu du. Halaber, ISISek atentatua aldarrikatu du Amaq albiste agentziara bidalitako ohar batean.
Bestalde, "informazio faltsuak eta zurrumurruak" ez zabaltzeko deia egin du Barne Ministerioak Twitter bidez.