Mundua -

ALEMANIA

Angela Merkel Alemaniako kantziller hautatu dute, laugarren aldiz

CDU eta SPDren arteko koalizioari esker, Alemaniak amaiera eman dio iraileko hauteskundeen ondotik nagusitu den ezegonkortasunari.

Angela Merkelek botoa eman duen unea. Argazkia: EFE
Angela Merkelek botoa eman duen unea. Argazkia: EFE
Angela Merkelek botoa eman duen unea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alderdi Kristau-Demokratako buruzagia (CDU) Alemaniako kantziller aukeratu dute, laugarren aldiz, Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) eta CDUren arteko Gobernu koalizioari esker.

Alemaniako behe ganberan (Bundestag) gaur egin den bozketan, aldeko 364 boto, kontrako 315 boto eta 9 abstentzio jaso ditu. Horrenbestez, Angela Merkelek (63 urte) bere laugarren agintaldia abiatu du, askoren ustez, bere ibilbide politikoko azkena izango dena. Merkelen aukeraketarekin, Alemaniak amaiera eman dio iraileko hauteskundeen ondotik herrialdean nagusitu den ezegonkortasun politikoari.

Behe ganberako bozketa amaituta, orain Frank-Walter Steinmeier presidenteak kantziller izendatuko du ofizialki. Tramite hori gaindituta, Bundestagera itzuliko da kargua hartzeko eta, gerora, ministroen txanda izango da. Agintalia amaituz gero, Merkelek 16 urte beteko ditu karguan eta Helmut Kohl alderdikidearen marka berdinduko du.

Koalizio handia

Angela Merkel kantzillerrak SPD alderdiaren eskutik ekingo dio laugarren agintaldiari, bere lehenengo legegintzaldian egin bezala. Bigarren agintaldian liberalekin bat egin zuen eta hirugarrengoan, ostera, "koalizio handia" osatu zuen sozialdemokratekin.

Iraileko hauteskundeen ondoren, SPD alderdiak koalizio handia errepikatzeko errezeloa erakutsi zuen eta CDUk, berriz, nahiago izan zuen liberalekin eta ekologistekin negoziatu. Hala ere, negoziazio horiek porrot egin zuten. Horrenbestez, kristau-demokratak eta sozialdemokratak negoziazio mahaira itzuli ziren, hauteskundeak errepikatzea saihesteko.

Akordioa astelehenean gauzatu zen, Merkelen alderdiaren, bere bazkide bavariarraren (CSU) eta SPDko ordezkariaren sinadurarekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania argazkiak Angela Merkel albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Hauteskundeak Alemania