Mundua -
SIRIA
Bonbardaketak Ghoutan, su-eten humanitarioaren hirugarren eguna hasi aurretik
Teorian, 09:00etatik 14:00etara egongo da indarrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hirugarren egunez jarraian, bost orduko su-eten humanitarioa iragarri dute Siriako Ghouta hirian, Damasko hiriburuaren kanpoaldean oposizioak duen gotorleku nagusian. Hala ere, aurreko orduetan bonbardaketak izan dira. Siriako telebista ofizialak jakinarazi duenez, aurreko egunetan bezala, bost-orduko su-etena izango da: hango 09:00etatik 14:00etara (08:00etatik 13:00etara Euskal Herrian).
Ghouta ekialdetik zibilak ateratzeko irekitako korridore humanitarioaren irudiak erakutsi ditu aipaturiko telebista kateak. Dena den, oraingoz ez du inork erabili. Aurreko bi egunetan telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera, korridorearen kontrako erasoak izan dira aurreko egunetan, zibilen ihesa eragozteko.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak gaur azaldu duenez, identifikatu gabeko hegazkinek bonbardaketak egin dituzte su-etena hasi aurretik Duma, Kafr Batna eta Yisrin udalerrien kontra (denak Ghouta ekialdean). Halaber, antzerako erasoak izan dira Harastan, azken toki horretan Gobernuaren aldeko indarrek ere eraso egin dute.
Bien bitartean, borrokek ez dute etenik Hush al Dauahiran, eta Baxar al-Asad Siriako presidentearen aldeko indarrak aurrera egin nahian dabiltza.
Egunero bost orduko su-eten humanitarioa egitenaren ekimena Errusiarena izan da eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aurreko asteburuan onartutako ebazpenarekin lotuta dago. Bertan, Siriarako hilabeteko su-etena eskatzen zen.
Su-eten humanitarioaren lehen bi egunetan indarkeriak ez du etenik izan.
Pasa den otsailaren 18az geroztik, 602 pertsona hil dira Ghouta ekialdean, tartean 147 adin txikiko eta 88 emakume, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak egindako zenbaketaren arabera.