Mundua -
7,2 graduko lurrikara
Mexikoko azken lurrikarak eragindako kalteak aztertzen ari dira agintariak
14 lagun hil ziren Jamiltepecen, hegazkin militar bat gainera erorita. Defentsa Nazionaleko arduradunak doluminak helarazi dizkie senideei eta ardura osoa euren gain hartuko dutela agindu die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiral honetan Mexikon izandako lurrikarak eragindako kalteak aztertzen ari dira agintariak. Herrialdearen erdialdean eta hegoaldean sentitu zen 7,2 graduko mugimendu sismikoa, eta bi zauritu utzi zituen. Gainera, 200 etxek kaleak jasan zituzten eta 1,3 milioi pertsonak zerbitzu elektrikoan mozketak izan zituzten joan-etorrian.
4.800 militar, hegazkin eta helikopteroekin, bidali dituzte zonalderik kaltetuenetara.
Lurrikarak berak hildakorik eragin ez bazuen ere, Mexikoko Aire Armadako helikoptero batek istripua izan zuen eta 14 lagun hil eta 15 zauritu ziren hura gainera erorita.
Eviel Perez Magaña Gizarte Garapenerako arduraduna eta Salvador Cienfuegos generala, Defentsa Nazionaleko (Sedena) arduraduna, Jamiltepecera joan dira gaur, istripua izan zen tokira.
Doluminak adierazi dizkie Cienfuegos generalak helikoptero istripuan hildakoen eta zauritutakoen senideei eta Sedenak "hemen gertatutako erabat bere gain" hartuko duela agindu die.