Mundua -
ISRAEL
Netanyahu, bere kontrako inputazio eskaeraz: 'Suitzako gazta batek adina zulo ditu'
Israelgo lehen ministroak zalantzan jarri du Poliziaren lana, baina fiskal nagusiari dagokio azken erabakia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi ustelkeria kasu leporatuta, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa auzipetzea gomendatu zion atzo Poliziak Fiskaltzari. Gaur, Netanyahuk gogor kritikatu du Poliziaren txostena, eta "Suitzako gazta batek adina zulo" dituela adierazi du. Horrez gain, karguari eutsiko diola nabarmendu du.
Tel Aviv hirian bertako agintariek egindako foro batean hitz egin du. Haren hitzetan, "muturreko dokumentua da", gertatutakoari buruz "alde baten" bertsioa bakarrik jasotzen duena. Dena dela, ez omen du baimenduko gai honek Gobernuaren egonkortasunean eragitea.
Poliziaren aipatu txostenaren arabera, "behin 1000 Auziaren ikerketa amaituta, Arnon Mijalekin lotuta, eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusuagatik; eta James Packer Australiako enpresaburuarekin lotuta, iruzurra eta konfiantza-abusuagatik auzipetzeko zantzu nahikoak ikusi ditu Poliziak". Mesedeen truke, Netanyahuk bera eta bere familiarentzako dirudunen luxuzko opariak (puruak eta Frantziako xanpaina, tartean) onartu ote zituen ikertzen ari ziren auzian.
Bigarren auzian (2000 Auzia), Netanyahuren eta Arnon Mozes Yediot Aranot egunkariko editorearen arteko ustezko itun bat ikertu du Poliziak. Mozesek lehen ministroaren inguruko informazio positiboagoa ematea proposatu omen zion Netanyahuri. Trukean lehen ministroak Israel Hayom doako egunkariari kalte egin behar zion.
2017tik hainbat aldiz galdekatu dute Netanyahu. Israelgo lehen ministroak zalantzan jarri du Poliziaren lana, baina Avichai Mandelblit fiskal nagusiari dagokio azken erabakia.