Mundua -
ELKARRIZKETA
Hego Korearekin komunikazio hariak zabaltzea onartu du Ipar Koreak
Piongiangek bi Koreen arteko telefono linea erabiliko du berriro ere. Kim Jong-unek elkarrizketarako borondatea agertu zuen Urteberri egunean eta Seulek goi-mailako bilera proposatu du hilaren 9rako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hego Korearekin etenda dituen komunikazio hariak zabalduko dituela iragarri du Ipar Koreak, Kim Jong-Un Ipar Koreako buruzagiak Urteberri eguneko mezuan elkarrizketak berrartzeko erakutsitako borondatearen adierazle.
Piongiangek bi Koreen arteko telefono linea erabiliko du berriro ere 15:00etatik aurrera (bertako ordua), estatuko irratiak berri eman duenez.
Kim Jong-unek elkarrizketarako borondatea agertu zuen Urteberri eguneko mezuan eta Seulek urtarrilaren 9an bi koreen arteko goi-mailako bilera egitea proposatu dio, Ipar Koreako kirolariek otsailean Hego Korean egingo diren neguko Olinpiar Jokoetan parte har dezaten.
"Gure buruzagiak erakutsitako borondatea berretsiz, harreman estu eta zintzoa izango du", adierazi du Ri Son-gwonek, bi koreen arteko gaiak jorratzen dituen Ipar Koreako agentziako buruak. Azaldu duenez, Ipar Koreak neguko Olinpiar Jokoetara ordezkaritza bat bidaltzeko aukera izango dute mahai gainean.
Hala eta guztiz ere, Rik ez du zehaztu Ipar Koreak hilaren 9rako egindako bilera deialdia onartuko duen edo bi herrialdeen arteko elkarrizketak bi Koreen artean dagoen telefono linea horretara mugatuko diren.
Bestalde, Seulek Piongiangen erabakia txalotu du. Bi herrialdeen arteko bilera egingo balitz, azken 65 urtean bi herrialdeen artean izandako lehendabizikoa litzateke.