Mundua -

IPAR KOREA

Kim Jong-un Hego Korearekin elkarrizketa bat abiatzeko prest agertu da

Hego Koreak, berriz, begi onez hartu du Ipar Korearen proposamena eta urtarrilaren 9an bilera bat egiteko deia luzatu dio.

Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagia. Artxiboko argazkia: EFE
Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagia. Artxiboko argazkia: EFE
Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagia Hego Korearekin elkarrizketa bat abiatzeko prest agertu da, Ipar Koreako kirolariek Hego Korean egingo diren neguko Olinpiar Jokoetan parte har dezaten.

Kim Jong-unen esanetan, Hego Korean egingo diren neguko Olinpiar Jokoak aukera ona dira bere herrialdearentzat eta arrakasta opa die hego-korearrei antolakuntzan. Ildo horretan, hainbat pauso emateko prest agertu da Piongiang, baita ordezkaritza bat bidaltzeko ere.

Hego Koreak, berriz, begi onez hartu du Ipar Korearen proposamena eta urtarrilaren 9an bilera bat egiteko deia luzatu dio.

Kim Jong-unen keinua “albiste ona” izan daitekeela uste du Trumpek

Ipar Koreako buruzagiaren adierazpena “albiste ona” izan daitekeela esan du Donald Trump AEBeko presidenteak, baina etorkizunean zer gertatzen de ikusi beharko dela ziurtatu du.

“Zigorrak eta ‘beste’ presioak eragin handia izaten ari dira Ipar Korean. Soldaduak Hego Koreara ihes egiten ari dira”, gogorarazi du Trumpek Twitter sare sozialean. “Suziri gizonak Hego Korearekin hitz egin nahi du orain aurrenekoz. Baliteke albiste ona izatea, edo ez. Ikusiko dugu!”, gaineratu du.

2018an ere bere politika nuklearrari eutsiko dio

Urte berrian sartuta ere, Ipar Koreak bereari eusten dio eta 2018an bere politika nuklearrari eutsiko diola azpimarratu du, "inolako aldaketarik egin gabe". Bertako hedabideek zabaldu dutenez, potentzia nuklear "garaiezin" eta "arduratsua" izaten jarraituko du.

"Ez aldaketarik espero bere politikan. Botere garaiezin gisa duen indarra ezin da ez ahuldu eta ezta ezabatu ere", ziurtatu du KCNA albiste agentziak zabaldutako dokumentuak.

Ipar Koreak aurreko urtean garatutako operazioak zehazten ditu txostenak, tartean Ameriketako Estatu Batuetara iristeko ahalmena zuen misilarena. Guztira, 16 misil jaurti zituen Piongiango Gobernuak iaz.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hego Korea Ipar Korea Euskal kirolariak Olinpiadetan