Mundua -
VENEZUELA
Espainian 'libre' sentitzen dela esan du Ledezmak
Etxeko atxiloaldian zegoen Caracaseko alkate ohia, eta, atzo ihes egin ondoren, goizaldean iritsi da Madrilera. Mariano Rajoykin bilduko da eguerdian, Moncloa jauregian.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Antonio Ledezma Caracas (Venezuela) hiriburuko alkate izandakoa gaur goizaldean iritsi da Madrileko aireportura, atzo bere herrialdetik ihes egin ondoren. Etxeko atxiloaldian zegoen, 2015eko uztailetik, eta atzo Kolonbiara ihes egin zuen, handik Espainiarako hegaldia hartzeko.
06:00ak aldera iritsi da Aldolfo Suarez Madril-Barajas aireportura, eta hegazkinetik jaitsi orduko esan du Espainian "libre" sentitzen dela.
"Espainiara iritsi eta libre sentitzen naiz. Gehiegi sufritzen ari den herri bateko herritar gisa sentiarazi naute Kolonbian eta Espainian", esan du. Gogor salatu du Venezuelan bizi den egoera: "amildegiaren ertzean ez, amildegiaren barruan dago Venezuela", esan du.
Opositore venezuelarrak nabarmendu duenez, bizirik egotea "sari bat" da beretzat eta bere egoeran dauden askorentzat, eta Venezuelan izandako liskarretan "demokraziaren alde borrokatzeagatik hildako gazteak" izan ditu gogoan.
"Manifestazioetan 130 venezuelar hil zituzten. Haien odolarekin Venezuelaren mapa sentimentala marraztuta geratu da, eta haien izenean borrokatuko dugu", esan du. Espainiak "hasieratik" erakutsitako "elkartasuna" eskertu du Venezuelako "herriaren izenean".
"Venezuelako preso politikoek ez dute ihes egiten, euren burua askatzen dute", gehitu du.
2015eko otsailean atxilotu zuten Ledezma, Caracaseko bere bulegoan, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea hiltzeko azpilanean aritzea egotzita. Lau hilabete espetxean igaro ondoren, etxeko atxiloaldia ezarri zioten, osasun arazoak tarteko.
Espainiak Venezuelan demokraziarekin duen konpromisoa berretsi dio Rajoyk Ledezmari
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Antonio Ledezmarekin bildu da larunbat eguerdian Moncloa Jauregian. Espainiak Venezuelan demokraziarekin duen konpromisoa azpimarratu dio Ledezmari bilkuran.
Venezuelako "egoera politiko, ekonomiko eta humanitario zailaren" berri eman dio Ledezmak Rajoyri. Espainiako Gobernuko presidenteak, bere aldetik, "Espainiak Venezuelan demokraziarekin duen erabateko konpromisoa" nabarmendu du. Era berean, "Venezuelako krisian irtenbide guztiz demokratikoa lortzeko nahia" helarazi dio.