Mundua -
Hondamendi kimikoa Hungarian
Isuri toxikoa Danubiora iritsi da
Nolanahi ere, agintariek ziurtatu dute toxikotasun maila jaitsi egin dela. Lokatz gorriak kaltetutako herrietan jada ezin da inor bizi, lehen ministroaren esanetan.
Erredakzioa
Hungariako aluminio enpresa batean dike bat hautsita eratu zen lokatz gorri isuria Danubiora, hots, Europako bigarren ibai luzeenera, iritsi da gaur goizean, iturri ofizialek baieztatu dutenez. Hain zuzen ere, Mosoni Duna ibaira heldu da.
Gyorgyi Tuttos Hondamendietarako Bulegoko bozeramaileak azaldu duenez, lokatz toxikoa gaur goizean iritsi da ibaira, baina uraren PH maila 9,2ra jaitsi da (atzo 13koa zen) eta, hortaz, ez dago arriskurik ingurumenarentzat.
Bere aldetik, Viktor Orban lehen ministroak ohartarazi du hondamendia jazo den inguruan ezin dela jada inor bizi. Horren idotik, Kolontar herriko (kaltetuenetako bat) leku kutsatuenak bakartu egin beharko dituztela iragarri du.
Lokatzak hiru konderri estali ditu, eta ondorioz lau pertsona hil dira eta 120 inguru zauritu. Beste sei, gainera, desagertuta daude oraindik.
WWF-Adena GKEko iturriek ziurtatu dute Marcal ibaian "izaki guztiak" hil direla, eta eskualde kaltedunek urteak behar izango dituztela berriz suspertzeko.
Isuria Hungariako hondamendi ekologiko larriena da.