Mundua -

Denboralea

Ophelia ekaitzak Irlanda geldiarazi du eta hiru pertsona hil ditu

360.000 etxebizitza zein dendetan ez dago argindarrik. Zuhaitzak errotik atera eta zutoin elektrikoak bota ditu. 200 hegaldi baino gehiago, bertan behera.

Olatu handiak kostaldeko herri batean. Argazkia: EFE
Olatu handiak kostaldeko herri batean. Argazkia: EFE
Olatu handiak kostaldeko herri batean. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ophelia ekaitza zerbitzu publikoak etenarazi eta hiru hildako eragin ditu Irlandako Errepublikan.

Irlandako Poliziak atzo, astelehena, baieztatu zuen gizon bat hil zela Dundalken (ipar ekialdean), zuhaitz bat bere autoaren gainean erorita. Beste gizonezko batek istripua izan zuen motozerra batekin, eroritako zuhaitz bat kentzen saiatzen ari zenean.

Goizean, emakume bat hil zen Waterforden (hego-ekialdean) trafiko istripu batean, 156 km/h-rainoko abiadura hartu duten haizeteekin lotuta.

Irlandako Meteorologia Zerbitzu Nazionalak ohartarazi zuenez, Opheliaren ondorioak 1961ean Debbie urakanak sortutakoen parekoak izan litezke. Orduan, 18 pertsona hil ziren Irlandan.

360.000 etxebizitza zein dendetan ez dago argindarrik ekaitza igaro eta gero. Zuhaitzak errotik atera eta zutoin elektrikoak bota ditu, Irlandako Errepublikan zein Ipar Irlandan.

ESB energia enpresak zabaldutako oharraren arabera, "oso arriskutsua" da kaltetutako instalazio elektrikoetara hurbiltzea eta, aurreratu duenez, hainbat egun beharko dituzte argindarra sarea bere osotasunean berrezartzeko.

Eskolak eta unibertsitateak itxita egon ziren, eta larrialdi handirik gabeko prozesu judizial zein hitzordu medikuak bertan behera utzi zituzten aurretik, ekaitzaren eragina aurreikusita.

Gainera, 300 hegaldi baino gehiago bertan behera geratu dira Dublineko aireportuan, eta Belfasteko aireportuak adierazi zuen ekaitzak "eragina" izan duela Ryanair eta EasyJeten hegaldietan.

Leo Varadkar Irlandako lehen ministroak ekaitza igaro arte etxe barruetan egoteko deia luzatu zien herritarrei.

"Lanean, etxean edo beste pertsona batzuen etxeetan bada ere, babesean egon zaitez. Senide eta auzokideen egoera baieztatu", esan zuen. Gainera, erantsi zuenez, "ekaitz oso arriskutsua" da eta "alerta gorria" ezartzea eragin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Denboraleak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Irlanda azken ordukoa Hondamendi naturalen biktimak Ekaitzak