Mundua -
ERREFERENDUMA KURDISTANEN
Kurdistan independentea nahi dutela esan dute boto-emaileen ia % 93k
Lau milioi kurduk eman zuten botoa independentziari buruzko erreferendumean, parte hartzeko eskubidea zuten herritarren % 71,17k.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kurdistan autonomoa osatzen duten probintzietan, astelehenean, izandako independentzia erreferendumean baiezkoak alde handiz irabazi du; parte hartu zuten herritarren % 92,73k Kurdistan herrialde independentea izatea nahi dutela esan zuten.
Erreferendumaren ardura duen Hauteskunde Goi Batzordeak, Erbilen egindako agerraldian, behin betiko emaitzak eman ditu jakitera. Horren arabera, botoa ematera deituta zeuden herritarren % 72,16k hartu zuen parte erreferendumean. Horietatik % 7,27k independentziaren kontra bozkatu zuten. Botoen % 1,21 baliogabe jo dituzte behatzaileek.
Tentsioa
Bestalde, Haidar al Abadi Irakeko lehen ministroak berriro eskatu du, gaur, erreferendumaren emaitzak baliogabe uztea. "Erreferendumaren emaitzak eta horien ondorioak bertan behera utzi behar dira, eta Konstituzioa aintzat hartuta, elkarrizketa abiatu", esan du Al Abadik, Irakeko Parlamentuan.
Irakeko Parlamentuko burua eta Irakeko lehen ministroa, gaur. Argazkia: EFE.
Erreferenduma deitzeak, Bagdaden eta Kurdistan autonomoaren artean aurretik zegoen tentsioa areagotu egin du. Irakeko Gobernuak, dagoeneko, hainbat neurri hartu ditu; besteak beste, aireportu guztien eta lurreko mugen kontrolak bere gain hartu ditu, eta kurduei aire-trafikoa blokeatzeko mehatxua egin die.