Mundua -

IPAR KOREA

Ipar Koreak proba 'arrakastatsua' egin du hidrogeno bonba batekin

Orain arte egin duen entsegurik ahaltsuena izan da. Piongiangek armamentu nuklearra garatzeko bere programa asko azkartu du uda honetan.

Kimg Jong-un, hidrogeno bonba bat ikuskatzen. EFE.
Ipar Korearen saio nuklearrak lurrikara eragin du

1:00

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak orain arteko bonba atomikorik ahaltsuena probatu du gaur. Gailu termonuklear bat da, zeina, Piongiangen esanetan, kontinente arteko misil batean jar daitekeen. Hori horrela dela baieztatzekotan, bere ahalmen militarrean aurrerapauso garrantzitsua egin duela esan nahiko luke.

Ipar Koreak egindako seigarren entsegu nuklear hori, gailu termonuklear batekin ustez egindako bigarrena, Kim Jong-unen erregimenak gauzatu duen etengabeko jarduera armamentistaren gorena litzateke; izan ere, dozena bat misil balistiko, horietako bi kontinente artekoak, probatu baititu urtea hasi zenetik.

Areagotze hori Donald Trump urtarrilean Etxe Zurira iristearekin batera etorri da (gaurkoa Trumpen agintaldian zehar Ipar Koreak egiten duen lehendabiziko proba nuklearra izan da), eta inguru horietan azken urteetan izan den segurtasun krisialdi handiena eragin du.

Entsegu atomiko berria Hego Koreako 12:30ean izan da (3.30 GMT), ordu horretan antzeman baitute lurrikara bat Seul, Tokio eta Pekingo sismologia institutuek. Haren jatorria artifizialtzat jo dute, izan duen sakontasun eskasagatik, eta bere hipozentroa Ipar Koreak aurretik egindako proba nuklearren probintzia berean kokatu dute.

Handik ordu gutxira, Ipar Koreako hedabide ofizialek jakinarazi dute euren herrialdeak proba "arrakastatsua" egin duela gailu termonuklear batekin, dituen kontinente arteko misil balistikoetakoren batean jartzeko erabil daitekeena.

"Aurrekaririk gabeko ahalmena zeukan bonba batekin egin da proba", adierazi du KCTV telebista kate estataleko Ri Chun-hee esatariak. Entseguak "bi fase" izan dituela eta Kim Jong-unen agindu zuzenei jarraituta egin dela gaineratu du.

COREA NORTE Kim Jong  EFE.

Kimg Jong-un, hidrogeno bonba bat ikuskatzen. EFE.

Leherketak 100 kilotoi inguruko potentzia izan du, hau da, joan zen urteko irailean Ipar Koreak egin zuen proba atomikoak baino bost aldiz gehiago, eta urte bereko urtarrilean egindakoarenak baino hamaika aldiz ahalmen gehiago.

Adituen arabera, gaurko proba eta azken hilabeteetan misil balistikoekin egindako jaurtiketak erakutsi nahi dutena da Ipar Korea gai dela AEBko lurraldeetara heltzeko zama nuklearra duen misil batekin. Alabaina, beste aditu askok zalantzan jartzen dute herrialde horrek teknologia hori menderatzen duenik.

Erreakzioak

Hego Koreako, Japoniako eta Txinako gobernuek zorrotz kritikatu dute Ipar Korearen azken proba nuklearra. Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren berehalako bilera eskatuko dutela iragarri dute.

Mon Jae-in Hego Koreako presidenteak esan duenez, Seulek ez du inoiz ontzat emango Ipar Korearen programa nuklearra.

Ildo beretik mintzatu da Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa ere. Horren hitzetan, Ipar Korearen azken proba hori "munduko segurtasunaren kontrako mehatxu larria" da.

Txinak ere, agiri baten bidez, Kimg Jong-unen Gobernuak egindako azken proba nuklearra gogor salatu du. "Ekintza oker hauek" bertan behera uzteko, eta NBEren aginduak errespetatzeko eskatu dio Ipar Koreari Txinak.

 

Nazioarteak gogor gaitzetsi du Ipar Korearen azken saio nuklearra
Nazioarteak gogor gaitzetsi du Ipar Korearen azken saio nuklearra
Nazioarteak gogor gaitzetsi du Ipar Korearen azken saio nuklearra

1:19

 

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren hitzetan, "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak emandako ebazpen ugariei egindako beste urraketa bat da". Ildo horretatik, jarduera nuklearrari eta misil balistikoak jaurtitzeari "berehala" utz diezaiola eskatu dio Kim Jong-unen Gobernuari, "egiaztagarria eta atzeraezina den moduan"; horrez gain, nazioarteko erkidegoarekin berriz ere hitz egiten has dadila ere gaineratu du.

Donald Trump AEBko presidenteak Bere Twitter kontu pertsonalaren bidez ohartarazi duenez, Piongiangek "gauza bakarra besterik ez du ulertzen!".

Trumpen esanetan, "Ipar Koreak proba nuklear garrantzitsu bat egin du". "Bere hitzek eta ekintzek etsaitasuna eta arriskua adierazten dute AEBrentzat".

Gaineratu duenez, "Ipar Korea herrialde gaitzetsia da, mehatxu bihurtu dena eta Txinarentzat lotsabidea dena. Txina laguntzen saiatzen ari da, baina arrakastarik izan gabe".

Bere aldetik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ohar bat atera dute biek batera, eta Europar Batasunak Piongiangen aurka ezarritako zigorrak gogortu egin behar dituela uste dute. Euren iritziz, Ipar Koreak "nazioarteko zuzenbidea zapaldu du", eta horren aurrean erantzun bateratua eta irmoa emateko beharrizana azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Japonia argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Ipar Korea