Mundua -
Klima-aldaketa
Ameriketako Estatu Batuak klima-aldaketaren aurkako akordiotik aterako dira
Donald Trumpek aste honetan baieztatuko du erabakia. AEBko presidentearen hitzetan, berotze globala gezurra da.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuak klima-aldaketaren kontrako Parisko Itunetik ateratzea erabaki du Donald Trumpek, hauteskunde-kanpainan egin zuen promesetako bat beteta, Reuters berri-agentziak zabaldu duenez.
Aurretik, Axios webguneak iragarri du klima-aldaketari aurre egiteko nazioarteko akordiorik garrantzitsuena utziko dutela AEBek.
Trumpek iritzian, berotze globala gezurra da. Joan den asteburuan, G-7 taldearen goi-bileran Parisko Ituna berresteari uko egin zion, erabaki bat hartzeko denbora gehiago behar zuela argudiatuta. Ondoren, erabakia aste honetan jakinaraziko zuela adierazi zuen Twitter bidez.
Klima-aldaketaren kontrako akordioa 200 bat herrialdek sinatu zuten Parisen 2015ean. Lurraren berotzea mugatzea du helburu, karbono dioxido eta erregai fosilen emisioak murriztuta.
Itun horren arabera, Barack Obama AEBko presidente ohiaren Gobernuak emisio kutsakorrak 2025erako % 26-28an jaisteko konpromisoa hartu zuen.
Axios webgunearen arabera, klima-aldaketaren kontrako ituna uzteko dokumentua lantzen ari dira AEBak.