Mundua -

Presidenterako hauteskundeak

Emmanuel Macron izango da Frantziako presidente berria

Macronek 20,7 milioi boto baino gehiago jaso ditu (% 66,06), Le Penen alde egin duten 10,6 milioi frantziarren aurrean.

Emmanuel Macron, garaipena ospatzen Louvre aurrean egindako ekitaldian. EFE
Emmanuel Macron, garaipena ospatzen Louvre aurrean egindako ekitaldian. EFE
Macronek irabazi ditu Frantziako hauteskundeak, botoen % 66,06 eskuratuta

Itziar Urdapilleta | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidente bihurtu da igande honetan, bigarren itzulian irabazita. Hala, hautagai sozioliberalak Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagia garaitu du, behin betiko emaitzen arabera, bozen % 66,06 eskuratu baititu; hots, bere aurkariak baino 30 puntu baino gehiago (% 33,94).

Hala, Macronek 20,7 milioi boto baino gehiago jaso ditu (% 66,06), Le Penen alde egin duten 10,6 milioi frantziarren aurrean.

Garaipenaren berri izan ostean emandako hitzaldian, "Frantzia eta Europa defendatuko ditut", esan du Macronek. "Ireki den orria esperantzarena eta berreskuratutako konfiantzarena izatea espero dut", gaineratu du Frantziako presidente aukeratu berriak.

Ondoren, "agur errepublikarra" bidali dio Marine Le Peni, gaurko bozketan izan duen aurkariari. Hautagai ultraeskuindarrari botoa eman diotenen "errealitatea" ezagutzen duela azaldu du, eta "desberdintasunaren aurka borrokatzen" eta "nazioaren batasuna bermatzen" saiatuko dela adierazi du.

Macron, irabazi osteko hitzaldian efe

Macron, irabazi osteko hitzaldian efe

Emaitzak garbi utzi du aurreikuspen guztiak bete direla, inkesta orok Macron jotzen baitzuten irabazle. Horrenbestez, orain arte Frantziako V. Errepublika gidatu duen presidente gazteena izango da. 39 urte baino ez dituela, Hollanderen Gobernuko Ekonomia ministro ohiak denbora gutxian egin du aurrera, eta gaur gaueko garaipenarekin berretsi du gorakada.

Macronek 2016an abiatu zuen "En Marche!" (Martxan) mugimendu politikoa, Barack Obamak AEBn egindako kanpainan oinarrituta, eta abuztuan Hollanderen Gobernua utzi zuen eta presidente izateko bideari ekin zion.

Le Penek Macron zoriondu du

Marine Le Pen alderdi ultraeskuindarreko hautagaiak Macron zoriondu du, Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan lortutako garaipenagatik.

Le Pen reconoce la derrota efe

Le Pen reconoce la derrota efe

20:00ak aldera egindako agerraldian azaldu duenez, Macroni deitu dio zoriontzeko eta herrialdeko presidente gisa izango dituen erronketan "zorte ona" opa diola esateko.

Bigarren itzuliaren hauteskunde eguna

45 milioi frantziar baino gehiago zeuden deituta gaur botoa ematera Frantziako presidente berria hautatzeko hauteskundeetan. Emmanuel Macron sozioliberalaren eta Marine Le Pen ultraeskuindarraren artean hautatu behar zuten François Hollande ordezkatzeko.

Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzuliaren parte-hartzea % 65,3koa izan da 17:00ak arte (15:00 GMT). Apirilean izandako lehen itzuliarekin alderatuta, 4 puntu gutxiago dira (orduan % 69,42k eman zuten boza).

Lehen itzulia

Macronek aurreikuspenak bete zituen joan zen apirilaren 23an (presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia) eta botoen % 24,01 eskuratu zituen. Fronte Nazionalaren agintariak ere bigarren itzulira sailkatzea lortu zuen, bozen % 21,30 lortuta, inkestek aurreratzen zutena betez.

Kanpaina kalapitatsua

Frantzian gogoratzen duten inoizko kanpaina kalapitatsuenak amaiera zaratatsua izan du. Izan ere, Macron Ekonomia ministro ohiak duela urtebete sortu zuen mugimenduak atzo salatu zuenez, hainbat barne dokumentu lapurtu dizkiote eta sare sozialetan zabaldu dituzte faltsuak dien beste zenbaitzuekin batera "zalantza eta desinformazioa" hedatzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Frantzia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Hauteskundeak Frantzia gaur Frantziako Gobernua Frantziako presidentea azken ordukoa