Mundua -
ISRAEL
1.300 preso palestinar baino gehiagok gose greba mugagabea abiatu dute
Israelgo espetxeetan dauden preso palestinarrak dira, eta euren baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute protesta honen bidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gose greba mugagabea abiatu dute 1.300 preso palestinar baino gehiagok, euren baldintzak hobetzea eskatzeko. Akram Atalah Alayasa Palestinar Aginte Nazionalean (PAN) presoen gaiaz arduratzen den batzordearen bozeramaileak eman du berria. "Protestara preso gehiago batzea espero dugu", esan du.
Rami Hamdala Palestina Aginte Nazionaleko buruak babestu egin du protesta. Horren hitzetan, "presoen oinarrizko eskubideen eta beharren" aldeko borroka da.
"Atxiloketa arbitrarioak, torturak, tratu txarrak, epaiketa bidegabeak, umeen atxiloketak, isolamendua, oinarrizko eskubideen urraketa …" salatu nahi dituzte presoek, gose grebaren bidez, Hamdalak nabarmendu duenez.
6.500 palestinar daude Israelgo 22 presondegitan eta atxiloketa-guneetan, tartean, 300 adin txikiko. Presoen eskubideen defentsarako kolektiboen arabera, 1.500 presoren osasun egoera ez da ona, eta horiek ez dute dagokien mediku arreta jasotzen.
Marwan Barguti Al Fatah alderdi nazionalistako buruak deitu du gose greba. Biziarteko kartzela zigorra betetzen ari da, Bigarren Intifadan egindako hainbat erasorengatik.
'Askatasunaren eta duintasunaren aldeko greba' lelopean, hainbat eskari bideratu dituzte, dagoeneko, preso palestinarrek: bisiten erregimena hobetzea, isolamendua amaitzea eta kargurik gabe atxilotzea ahalbidetzen duen legea baliogabetzea, besteak beste.