Mundua -
Kolonbia
293ra igo da Mocoan izandako hondamendian hildako pertsonen kopurua
Egunak igaro ahala, inguruan desagertutako pertsonak bizirik aurkitzeko aukerak “nabarmen” murrizten dira, erreskateetan parte hartzen duten iturriek azaldu dutenez.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral gauean Kolonbiako Mocoa hirian izandako uholde eta luizietan gutxienez 293 pertsona hil dira, eta ehunka lagun zauritu dira, asteazken honetan Kolonbiako Institutu Nazionaleko Auzitegi Medikuak zabaldutako azken balantzearen arabera.
Guztira, 176 emakume eta 110 gizon hil dira Mocoako hondamendian. Alabaina, oraindik identifikatu ezin izan dituzten zazpi gorpu daude.
Egunak igaro ahala, inguruan desagertutako pertsonak bizirik aurkitzeko aukerak “nabarmen” murrizten dira, erreskateetan parte hartzen duten iturriek azaldu dutenez. Hala, hildakoen gorpuak berreskuratu eta ahalik eta pertsona gehien bizirik aurkitzeko erlojuaren kontra lanean jarraitzen dutela azpimarratu dute.
Bestalde, bizirik dauden pertsonek Kolonbian izandako hondamendi natural horretan hil diren senideak lurperatzen jarraitzen dituzte, hildakoak identifikatzeko orduan denbora gehiegi itxaron behar dutela kritikatu ondoren. Era berean, inguruan bizi direnek gero eta nabarmenagoa den elikagaien eskasia jasan behar dute, etxeetara ura bueltatzen ez den bitartean.
Beste alde batetik, Laura Montoya kazetariak aurretik iragarrita zegoen hondamendia izan dela salatu du, eta Kolonbiako Gobernuak luiziak gertatzeko arrisku handia zegoela argi zekiela ziurtatu du.
Ildo horretatik, duela 60 urte inguru bertan antzeko beste uholde bat egon zela azaldu du, baina urte hartan pertsona gutxiago hil ziren.