Mundua -
FRANTZIA
Ustezko ustelkeria kasuek Frantziako hauteskunde eztabaida berotu dute
Lau orduz aritu ziren eztabaidan Eliseorako lasterketa abiatu duten hamaika hautagaiak. Batez ere, elkarren kontrako akusazio gogorrak entzun ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
François Fillon eta Marine Le Pen hautagaien aurka azken asteotan zabaldutako ustezko ustelkeria kasuek eta Emmanuel Macroni leporatzen dizkioten negozio ilunek erabat berotu zuten atzo iluntzean Frantziako hauteskundeetarako hautagaiek telebistan egindako eztabaida.
Lau orduz aritu ziren eztabaidan Eliseorako lasterketa abiatu duten hamaika hautagaiak. Ezohiko saioa izan zen, formari dagokionez; hamaika kide izanda eta bakoitzaren denborak hain neurtuta egonda, benetako eztabaidarako tarte gutxi egon zen. Hala ere, elkarren kontrako akusazio gogorrak entzun ziren.
Fillonen kontra zabaldu berri diren auziek harrotu zuten hautsik gehien; emazteari eta seme-alabei egindako lan-kontratuengatik ikertuko dute hautagai kontserbadorea. Horren inguruan hainbat kazetarik egindako galderei ez zien erantzun Fillonek. Bere ibilbidean akatsak egin zituela bai, baina hortik aurrera ezer gutxi esan zuen.
Macron hautagai faboritoak, berriz, François Hollanderen Gobernuan egin duen lana ekarri zuen gogora, bere jarduna guztiz "independentea" izan zela esanez. Hitz gogorrak erabili zituen Fillonen eta Le Penen kontra. "Estatua zuzendu nahi duenak, ezer baino lehen, justizia errespetatu behar du", esan zuen.
Europako politikaz hitz egiten hasi zirenean ere, gori-gori jarri zen giroa. Macronek eta Fillonek sutsuki salatu zuten Le Penek Frantzia Europar Batasunetik ateratzeko erakutsitako asmoa. Horrek herrialdea amildegira eramango lukeela esan zuten.
Adituen iritzian, hala ere, atzoko eztabaidak ez zuen utzi ez irabazlerik ez galtzailerik. "Gutxi-asko, maila berdintsuan aritu ziren guztiak", esan dute.