Mundua -
Uholdeak Kolonbian
Hondamendia Mocoan: 273 pertsona hil dira
273 biktimetako 43 adingabeak dira, eta 262 lagun zauritu dira. Santos presidenteak 1.200 milioi peso agindu ditu berreraikitze lanetarako.
Agentziak | Erredakzioa
Egoera tamalgarrian dago, hirugarren egunez, Mocoa Kolonbiako hiria. Ostiraletik larunbaterako gauean, uholdeak eta luiziak izan ziren bertan, eta ehunka pertsona hil ziren.
"Jakinarazi didatenez, 273 lagun hil dira dagoeneko. Egin dezagun horien eta horien familien alde", esan zuen atzo Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Twitter bidez, "MocoaSomosTodos" (Denok gara Mocoa) etiketa erabilita.
Mocoa ibaiak eta Sangoyaco eta Mulato ibaiadarrek gainezka egin zuten larunbatean, eta urak lokatza, harriak, arbolak eta parean topatu zuen guztia eraman zuen. Mocoako 17 auzo txikituta geratu ziren. Biktimen azken balantzea beldurgarria da: 273 hildako, tartean 43 adingabe, eta 262 zauritu.
Mocoako hondamendiaren inguruko hainbat txio bota zituen Santosek Twitterren. "Pazientzia eta lasaitasuna" eskatu zien kolonbiarrei, eta herrialdeak egoerari aurre egingo diola azpimarratu zuen. Herritarrek eta inguruko herrialdeek emandako laguntza ere eskertu zuen.
Santosen esanetan, 1.200 milioi pesoko (391.000 euro) diru-laguntza emango du Mocoako "eraikuntza lanetarako eta enpresei eta negozioei laguntzeko".
Erreskate taldeek jo eta su dihardute lokatz eta hondakinen artean dauden gorpuak ateratzen. 1.300 pertsona ari dira lanean, ontziak, helikopteroak eta ibilgailuak lagun dituztela. Lokatzak dena estaltzen du. Ez dago ur edangarririk, ezta argindarrik ere.
Hondamendiaren lekuko, hegazkin eta helikopteroen joan-etorria etengabea da Mocoatik 40 minutura dagoen Villagarzon aireportuan. Botikak, elikagaiak, hondakinak erretiratzeko tresnak... denetik behar da.
Omar Franco Kolonbiako Meteorologia, Hidrologia eta Ingurumen Ikerketarako Institutuaren zuzendariak azaldu duenez, 129 mililitro euri pilatu ziren larunbatean, eta "% 80 hiru orduan bota zuen".