Mundua -

ETAREN ARMAGABETZEA

Armak justiziaren esku utzi behar dituela esan dio Frantziak ETAri

Zuzenbide estatuaren arauak errespetatu behar duela esan dio Bernard Cazeneuvek ETAri. Frantziako Gobernuak ez dio oztoporik jarriko armagabetze prozesuari.

Bernard Cazeneuve, Frantziako lehen ministroa. Argazkia: EiTB
Bernard Cazeneuve, Frantziako lehen ministroa. Argazkia: EiTB
Armak justiziaren esku utzi behar dituela esan dio Frantziak ETAri

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren armagabetzea arau judizialak errespetatuz egin behar dela ziurtatu du astelehen honetan Bernard Cazeneuve Frantziako Gobernuko lehen ministroak.

“Oso erraza da arma guztiak Zuzenbide estatuaren arauak errespetatuz entregatzea: Justiziarengana jo eta biolentzia uztea erabaki dutela esan behar dute. Jarraian, arma guztiak entregatu behar dituzte”, azaldu du Cazeneuvek.

Frantziako Le Monde aldizkariak joan den martxoaren 17an jakitera eman zuenez, ETA “erabat” armagabetuta egongo da apirilaren 8an. Hedabide horren arabera, gizarte eragileen esku egongo da prozesua.

“Jakina, ezin gara armagabetzearen kontra egon”, azpimarratu du Frantziako Gobernuko lehen ministroak. Ildo horretatik, armagabetze prozesuari ez diotela oztoporik jarriko ziurtatu du. Hala ere, “armak justiziaren esku utzi” behar direla ohartarazi du.

Bestalde, demokraziaren indarra eta pertsona guztien eskubideak betetzea Zuzenbide estatuaren funtsezko oinarriak direla ziurtatu du Frantziako lehen ministroak. Gauzak horrela, agintariei armak dauden tokia jakinarazi behar dietela esan du.

“Arma horiek indarkeria erabiltzeko erabili ziren, Zuzenbide estatu batean”, azpimarratu du Cazeneuvek. Arrazoi horregatik, armategia aginte judizialaren esku utzi behar dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak EAE albisteak Frantzia berriak ETA Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua