Mundua -
Independentzia
Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakia ospatu du Kosovok
"Kosovoko Errepublikarentzat eta bere herritar guztientzat egun bedeinkatua da", adierazi du Fatmir Sejdiu presidenteak. Bestalde, "gaur Kosovorentzat beste egun historiko bat" dela esan du Thacik.
Erredakzioa
Kosovoko buruzagiek eta ehunka herritarrek Nazioarteko Justizia Auzitegiaren (CIJ) erabaki ez loteslea ospatu dute gaur. Serbiako probintzia ohiaren independentziak "nazioarteko zuzenbidea urratu ez" zuela erabaki du CIJek.
"Kosovoko Errepublikarentzat eta bere herritar guztientzat egun bedeinkatua da", adierazi du Fatmir Sejdiu Kosovoko presidenteak prentsaurrekoan, Pristinan.
Kosovoko hiriburuaren erdialdean klaxona jo dute dozenaka autok eta herritar asko kaleetan dira Kosovoko eta Albaniako banderekin.
"CIJen zentzuzko erabakiari ongietorria eman diote Kosovoko erakundeek eta herritarrek. Independentzia adierazpenaren aldeko iritzi esplizitua da", erantsi du Sejdiuk.
Boris Tadic Serbiako presidenteari "Kosovorekiko duen jarrera eta erretorika gogorra aldatzeko" eskatu dio Sejdiuk.
Lehen ministroa
Bestalde, RTK irrati publikoan egindako adierazpenetan, "gaur Kosovorentzat beste egun historiko" dela esan du Hashim Thaci Kosovoko lehen ministroak. "CIJen iritzia mundu guztiarentzako mezu bat da, erabaki egokia hartu genuen otsailaren 17an", gaineratu du.
Atzerri ministroa
Komunikatu batean, Balkanetako herri txiki eta txiroak independentziaren onarpen gehiago jasotzeko itxaropena azaldu du Skender Hyseni Kosovoko Atzerri ministroak. "Oraindik Kosovo onartu ez duten estatuek egitera bultzatzen ditugu", esan du.
69 herrialdek onartu dute Kosovo, horietako 22 Europar Batasunekoak dira, eta baita AEBek ere.