Mundua -
6,5 graduko astindua
94 pertsona hil dira eta 500 bat zauritu seismo batean, Indonesian
Aceh eskualdean jazo da. Leku berean, duela 12 urte, 230.000 pertsona hil ziren 9 graduko astindu batek eta ondorengo tsunamiak eraginda.
Agentziak | Erredakzioa
Agintariek emandako azken datuen arabera, 94 pertsona hil eta ia 500 zauritu dira asteazken honetan Indonesiako Aceh eskualdea astindu duen 6,5 graduko lurrikaran. Biktima asko hondakinen artean harrapatuta geratu omen dira, eta, beraz, litekeena da hildakoen eta zauritutakoen kopuruak gora egitea.
Desastreen Prebentzioen Agentzia Nazionalak 273 zaurituren berri eman du, Mohd Riza Faisal TGK Chik Ditiro ospitaleko zuzendariak esan duenez, 500 bat pertsona daude zaurituta, ghehienek garezurrean hematomak eta hausturak dituzte.
Joko Widodo Indonesiako presidenteak doluminak eman dizkie biktimen senitartekoei, eta hondamendiaren eremura berehala joateko agindu die ministroei. 740 pertsona, gehienak militarrak, ari dira biktimak bilatu eta erreskatatzeko lanetan.
Mediku bat, zauritutako bat artatzen. EFE
Astinduaren erdigunea Pidie Jaya herrian izan da, Banda Aceh hiriburutik 120 km ekialdera eta 8,2 km-ko sakoneran, AEBko Zerbitzu Geologikoak jakinarazi duenez. Richter eskalan 6,5 gradu harrapatu ditu, iturri berberen esanetan
Lurrak hiru minutuz egin du dar-dar, eta hainbat erreplika izan dira. Lurrikararen ondorioz, Pidie Jayako 72 etxe eta sei meskita behera etorri dira.
Usuak dira lurrikarak Indonesian, urtero 7.000 bat izaten dira, gehienak ez oso gogorrak. 2004an, baina, 9,1 eta 9,3 gradu arteko astindua izan zen Aceh eskualdean, eta ondoren tsunamia. 230.000 pertsona hil ziren.