Mundua -
Klima-aldaketa
Parisko akordioa martxan jarri dute Marrakexeko klimaren goi-bileran
NBEko klima-aldaketaren konbentzioko ia 200 herrialdeek finantziazio klimatikoari dagozkion zenbait aurrerapauso hitzartu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Parisko akordioa bideratuko duten arauak adosteko zirriborroa idazten hasi dira klima-aldaketa aztertzeko Marrakexen egindako goi-bileran (COP22). 2018rako amaitzeko konpromisoa hartu dute, hitzarmena martxan jarri baino bi urte lehenago.
Parte-hartzaileek bilkurak egin dituzte bi astetan zehar, eta NBEko klima-aldaketaren konbentzioko ia 200 herrialdeek finantziazio klimatikoari dagozkion zenbait aurrerapauso hitzartu dituzte. Hala, aurten amaitzekoa zen Kiotoko Protokoloaren Egokitzapen Funtsari jarraipena eman diote, 2020az harago.
Horrez gain, herrialde aberatsek onartu dutenez, orain arte finantziazio klimatikora bideratutako 100.000 milioi dolarreko kopurua gehitzen joango dira urtero, 2020tik aurrera.
Ostiral gauerdian lortu dute akordioa, tentsio-giroan. Izan ere, Boliviako ordezkariak esan du ez zuela hitzarmena onartuko, nahiz eta ordurako sinatuta izan. Indiako ordezkariak ere bat egin du protestarekin.
Azkenean, atseden baten ostean, onartu egin dute, Salahedin Mezuar COP22ren presidenteak herrialde horietako erreserbak gehigarri gisa itunean sartzea erabaki ondoren.