Mundua -

Protesta-bolada

Protestak Marokon, arrain saltzaile bat zabor-kamioi batean hil ostean

Mohcin Fikri (31 urte) kamioiaren palankek zapalduta hil zen. Agintariek zabor-kamioian ezpata-arraina suntsitu nahi zuten, eta berau ekiditen saiatu zen gaztea. 11 pertsona atxilotu dituzte.

Maroko
Maroko
Protestak Marokon, polizia gehiegikerien aurka

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Protesta-bolada bizi dute egunotan Marokon, Mohcin Fikri 31 urteko arrain-saltzailea zabor-kamoi baten barruan zapalduta hil ostean. Agintariek ezpata-arraina suntsitu nahi zuten kamioian (hilabete honetan debekatuta dago bertan arrain hori arrantzatzea) eta, berau ekiditeko, kamoi barrura egin zuen salto gazteak. Bertan hil zen palankek zapalduta.

Orain arte, 11 pertsona atxilotu dituzte, heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Fiskaltzak ohar bat kaleratu du eta, bertan azaldu duenez, bi polizia eta hiru funtzionario daude atxilotuen artean. Guztiei ''agiri publikoak faltsutzea'' eta ''nahi gabeko hilketa'' egotzi diete.

Fiskaltzaren ikerketaren arabera, Fikrik 500 kilo ezpata-arrain erosi zituen portuan (urriaren 1etik azaroaren 30era Marokon debekatuta dago arrain hori arrantzatzea).

Legez kanpoko arrain karga hiri barruan atzeman zuten, eta Arrantza ministerioko ordezkariek bertan suntsitzea agindu zuten. Horretarako zabor-kamoi bat deitu zuten. Kamioiaren arduradunak suntsitzea baimentzen zuen dokumentua eskatu zuen eta, Fiskaltzaren arabera, Arrantza ordezkaritzak faltsutu egin zuen dokumentu hori.

Fikri kamioi barrura sartu zen, beste bi lagunekin batera, suntsitzea ekiditeko; norbaitek, baina, martxan jarri omen zuen zaborra trinkotzeko mekanismoa. Bi lagunek kamioitik ateratzea lortu zuten, baina ez Fikrik, eta bertan harrapatuta zen hil. Fiskaltzaren arabera, ikerketak ''ez du agerian utzi'' biktimari ''eraso egiteko inolako agindurik'' egon izana eta, ondorioz, ''nahi gabeko hilketa'' egotzi diete atxilotuei.

Protestak, klimaren inguruko goi-bileraren bezperan

Gertatutakoa jakin ostean, hainbat lagunek protestak deitu dituzte Marokoko hainbat hiritan, 'hogra' hitzarekin ezagutzen dutenaren kontra (agintariek egindako abusu edo injustiziaren kontra, alegia). Hala, milaka lagun irten dira kalera azken lau egunetan urriaren 28an izandako hilketa salatzeko eta agintarien abusuen kontra.

Marokon klimaren inguruko goi-bilera egitekoak dira azaroaren 7an hasita, eta 190 herrialdeko 25.000 eta 30.000 bisitari artean espero dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Manifestazioak gaur Maroko azken ordukoa