Mundua -

BAKE PROZESUA

Kolonbiako plebiszituaren gakoak

Hau da herritarrei egingo zaien galdera: 'Ados al zaude gatazka bukatu eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko sinatutako behin betiko akordioarekin?'. 'Bai' edo 'ez' erantzun beharko dute.

Kolonbian, dena prest bake hitzarmena berresteko

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 milioi kolonbiar daude deituta, gaur, herrialde horretako Gobernuak eta FARCek izenpetutako bake-akordioaren inguruan egingo den galdeketan parte hartzera. Nazioartea Kolonbiara begira dago gaur, herrialderen etorkizunaren norabidea marraztuko baitu plebiszituaren emaitzak.

Hau da herritarrei egingo zaien galdera: "Ados al zaude gatazka bukatu eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko sinatutako behin betiko akordioarekin?". "Bai" edo "ez" erantzun beharko dute galdeketan parte hartu nahi duten kolonbiarrek.

Cartagena de Indias hirian sinatu zuten bake hitzarmena, joan den astelehenean, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Rodrigo Londoño FARCeko buruak.

Kolonbiako alderdi guztiek, Zentro Demokratikoa eskuindarrak izan ezik, babestu dute ituna. Herrialdeko sindikatu, eragile sozial eta biktimen elkarte gehienek ere bat egin dute. 52 urte iraun duen gatazka armatuari amaiera emateko aukera historikotzat jotzen dute akordioa.

Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia ari da ezetzaren aldeko kanpaina zuzentzen. Uriberen esanetan, itunak hainbat hutsune ditu, eta ezetzak irabaziko balu, negoziazioa berriro abian jartzearen alde agertu da.

Ikusmin handia piztu du gaurko galdeketak, eta mundu osoa egongo da gaur Kolonbiara begira.  Estatu Batuek, Europako Batasunak edota Nazio Batuen Erakundeak gertutik jarraitu dute prozesua.

Azken asteotan kaleratutako inkesten arabera, baietzak irabaziko du, % 52-54ko babesarekin. Ezetzaren aldekoak % 34-38 inguruan ibiliko direla aurreikusi da. Dena dela, azken orduotan, baietzaren aldeko jarrera apaldu egin dela zabaldu dute hainbat komunikabidek.

Kolonbiako Gobernuak behin eta berriz nabarmendu duenez, inoizko bozketa lasaiena izango da gaurkoa, bake-akordio izenpetu ondoren, FARCek armak uzteko konpromiso irmoa hartzeaz gain, ELN ejertzitoak ere indarkeria ekintzak aldi baterako utziko zituela iragarri zuen eta, plebiszitua ez oztopatzeko.

"Gure historiako galdeketa lasaiena izango da gaurkoa", esan du, asteon, Juan Fernando Cristo Barne ministroak. Dena dela, Gobernuak segurtasun neurri handiak ezarriko ditu herrialde osoan: 300.000 polizia eta Armadako kide arituko dira gaur zainketa-lanak egiten.

81.9225  hauteskunde mahai jarriko dira herrialde osoan, 11.034 hauteslekutan banatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Kolonbiako albisteak gaur