Mundua -

Ukraina

Malaysiako abioia Ukrainatik jaurtitako misil errusiar batek jo zuen

Hala dio nazioarteko ikerketa talde batek egindako txostenak. Ukrainako independentista errusiazaleek ukatu egin dute akusazioa.

Nazioarteko ikerketa taldearen agerraldia. Argazkia: EFE
Nazioarteko ikerketa taldearen agerraldia. Argazkia: EFE
Errusiatik eramandako misil batek bota zuen Ukrainako hegazkina

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malaysia Airlines konpainiaren MH17 hegazkina 2014ko uztailaren 17an erori zen Ukraina ekialdean. Holandako Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez, Errusiako Buk sistemako misil batek jota erori zen eta misila Ukrainako zonalde independentistatik jaurti zuten.

Gertakaria argitu nahian ari den nazioarteko ikerketa taldearen arabera, Pervomaysk izeneko herritik hurbil dagoen zelai batetik jaurti zuten misila. Garai horretan zonalde hori matxino errusiazaleen esku zegoen.

Eraso hartan hegazkinean zihoazen 298 pertsona hil ziren. Horietako 196 holandarrak ziren, 27 australiarrak, 44 malaysiarrak eta bat Zeelanda Berrikoa, besteak beste.

Nazioarteko ikerketa taldea Holanda, Australia, Belgika, Malaysia eta Ukrainako adituek osatzen dute.

Independentistek gezurtatu egin dute

Ukrainako independentista errusiazaleek, berriz, ukatu egin dute nazioarteko ikerketa taldeak esandakoa, eta hegazkina eurek bota ez zutela azpimarratu dute.

“Gure armategian ez dugu horrelako sistemarik, ezta misil horiek jaurtitzeko aditurik. Beraz, guk ez genuen hegazkina behera bota”, adierazi du Eduar Basurin Donetskeko errepublikako bozeramaile militarrak.

Horrez gain, gogora ekarri du independentista ukrainarrek ez zutela inolako arrazoirik bidaiari betetako hegazkinari eraso egiteko. “Erokeria da hori. Zergatik bota behar genuen hegazkina?”, erantsi du.

Ildo horretan, Basurinek nabarmendu du Ameriketako Estatu Batuek inoiz ez dituztela erakutsi ustezko erasoaren irudiak erakutsi, satelite bidez grabatu zituztela esan arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ukraina Errusia Hegazkin istripuak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra