Mundua -
SU-ETENA SIRIAN
Erasoaldi gogorrik ez, baina indarkeria ez da desagertu Sirian
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman duenez, herrialde ia osoan errespetatu dute su-etena, baina hainbat tokitan erasoak izan dira, biktimarik eragin ez duten arren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBk eta Errusiak hitzartutako su-etena indarrean sartu zenetik, egoera asko baretu da Sirian, baina indarkeria ez da erabat desagertu, Damaskoko Gobernuak jakitera eman duenez. Iturri horren arabera, azken orduotan ez da hilketarik egon, baina indarkeria ekintzak egon dira herrialdeko hainbat lekutan.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman duenez, herrialde ia osoan errespetatu dute su-etena, baina horrek ere onartu du hainbat tokitan erasoak izan direla, biktimarik eragin ez duten arren.
Behatokiaren arabera, Siriako Gobernuko artilleriak tiroketak egin ditu Sasa, Jazarayia eta Duma inguruan. Rif Damasko probintziako herriak dira horiek. Bianu, Andan, Zitan eta Al Qarasi eremuetan ere erasoak egin dituzte.
Oposizioko talde armatuek ere lehergailuak jaurti dituzte, besteak beste, Sasa inguruan eta Alepoko alde zaharrean. Siriako Armadak salatu duenez, oposizioko taldeek beste hainbat lekutan ere urratu dute su-etena.
Laguntza humanitarioa
Laguntza humanitarioa daramaten lehen kamioiak hasi dira Turkiako muga zeharkatzen, baina Nazio Batuen kamioiak ezin izan dira orain arte Alepon sartu. Siriako erregimenak eragotzi egin die erreboltarien eskuetan dagoen hiri horretan sartzea.