Mundua -

290 hildako

Lurrikaran hildakoen omenezko lehen estatu hileta egin dute Italian

Ascoli Piceno udalerrian egin duten elizkizunaren ostean 291 hildakoetako 35 lurperatu dituzte. Lurrikarak ia 400 zauritu utzi ditu eta 238 lagun bizirik erreskatatu dituzte.

Erreskate-lanetan dabiltza, bizirik dauden lagunen bila. Argazkia: EFE.
Erreskate-lanetan dabiltza, bizirik dauden lagunen bila. Argazkia: EFE.
Italiako lurrikaran hildakoen omenezko Estatu hiletak hasi dira

2:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurrikararen ondorioz hildakoen omenez, lehendabiziko hileta egin dute gaur Italiako Ascoli Piceno herrian eta hildako 291 lagunetatik 35 lurperatu dituzte.

Biktimen senide eta lagunez gain, Estatu hiletan izan dira Matteo Renzi Italiako lehen ministroa, Sergio Mattarella Italiako presidentea, Laura Boldrini eta Pietro Grasso, hurrenez hurren, Italiako Diputatuen Ganbarako eta Senatuko presidenteak, Luigi di Maio Bost Izarren Mugimenduko parlamentaria eta estatuko zein eskualdeetako agintariak.

Ekitaldiaren baitan Renzi lehen ministroak terremotoak kaltetutako udalerrietako alkateekin hitz egiteko tartea izan du eta ezbeharrak eragin dien haurrei hezkuntza bermatzeko eta kalteak izan dituzten herriak berreraikitzeko Gobernuak lan egingo duela ziurtatu die.

Estatu hileta Ascoli Piceno udalerriko kiroldegian egin da eta Giovanni D'Ercole Ascoli Picenoko gotzainak gidatu du elizkizuna.

Biktimen omenez Italian egin den lehendabiziko ekitaldi ofiziala izan da, baina ez da azkena izango.

291 hildako eta ia 400 zauritu, Italiako lurrikararen azken balantzea

Asteazkenean Italiako erdialdea astindu zuen lurrikarak (batez ere Lazio eta Markak eskualdeetan izan zuen eragina) 291 hildako eta ia 400 zauritu utzi ditu, Babes Zibilak gaur zabaldutako behin-behineko balantzearen arabera. Halaber, 388 zauritu ospitaleratuta daude.

Babes Zibilak jakinarazi duenez, Amatricen 230 lagun hil dira; Arquata del Tronton eta Pescara del Tronton, 50; eta Accumolin, 11. Halaber, 238 pertsona erreskatatu dituzte bizirik. Gainera, 2.500 pertsona inguru etxerik gabe gelditu dira lurrikaragatik.

Erreskate-lanetan 2.000 bat lagunek dihardute Amatricen eta Accuolin (Rietin, Lazion), Arquata del Tronto eta Ascioli Pirenon (Marketan).

Amatriceko alkate Sergio Pirozzik ostegun gauean adierazi zuenez, herrian, oraindik, hamabi edo hamahiru desagertu daude, "tartean, bi ume".

Bien bitartean, lurrikaratik bizirik irten direnek kalean igaro dute gaua, lurra egonkortu zain. Lurrikara gertatu zenetik, 1.000 erreplika baino gehiago izan dira eta bizilagunak astindu gehiagoren beldur dira.

1.000 erreplika baino gehiago

Babes Zibileko iturriek berri eman dutenez, asteazkeneko lurrikararen 1.000 erreplika baino gehiago izan dira. Goizaldean, 04:50ean, 4 graduko erreplika bat izan da Ascoli Piceno probintzian. Halaber, asteazkenaz geroztik 1.332 lurrikara antzeman dituzte inguruan, horietako 92 bart gauean.

Matteo Renzi Italiako Lehen Ministroak larrialdi-egoera ezarri zuen ostegun honetan, lurrikararen ondorioei behar bezala aurre egitea xede. Gobernuak 50 milioi euroko idazpen bat abiatu du, hasteko, kaltetuei laguntzeko asmoz.

"Berreraikitzea lehentasuna da, Gobernuarentzat eta herrialdearentzat", baieztatu du. "Ezin dugu ahaztu konpromiso morala dugula eskualde honetako gizon eta emakumeekin", adierazi zuen lehen ministroak.

'La Repubblica' egunkariaren esanetan, ostiral honetan bertan egin dituzte lehen hileta-elizkizunak Erroman eta Asciolin; izan ere, hainbat biktima Erroman bizi ziren, eta lurrikara izan den eskualdean zeuden, oporretan.

Hiri berriak baino hobeto, berreraikitzea

Ildo horretan bertan, Azpiegitura ministro Graziano Delriok baztertu du, 'Il Corriere della Sera' egunkariarekin izandako elkarrizketa batean, "hiri berriak eraikitzea"; hala egin zen 2009an, L’Aquilako lurrikararen ostean. Ministroak esan du uste duela "alkateek" nahiago dutela "herriak berreraiki, zeuden tokian bertan, ez zaharretatik alde egin beste nonbait berriak egiteko".

"Alkate egon naiz, eta Matteo Renzi ere bai. Gure hiriak gure historia dira, are gehiago Italiako bihotza islatzen duten herri txiki hauetan", berretsi du Delriok; ministroak galdegin du herritarren ahotsa entzutea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Italia Lurrikarak gaur Lurrikaretan hildakoak