Mundua -

PETROBRAS AUZIA

Brasilgo Poliziak ustelkeria leporatu dio Lulari

Guarujan duen etxe baten erreforma mesede politikoen truke egin izana egotzi diote presidente ohiari.

Lula da Silva presidente ohia ARGAZKIA: EFE
Lula da Silva presidente ohia ARGAZKIA: EFE
Lula da Silva presidente ohia ARGAZKIA: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeria eta dirua zuritzea leporatu die Poliziak Lula da Silva presidente ohiari eta Marisa Leticia Lula da Silva haren emazteari, hondartzan duten etxebizitza bateko erreforma mesedeen truke egin dutelakoan. Halaber, Paulo Okamoto Lula Institutuko presidenteari ere iruzurra leporatu diote.

Leo Pinheiro eta Paulo Gordilho OAS konpainiako enpresaburuen aurka ere karguak aurkeztu dituzte, Petrobras petrolio konpainiara diru publikoa legez kanpo bideratu zuen sarean parte hartu dutelakoan.

Dilma Rousseff Brasilgo presidentearen aurkako epai politikoaren azken fasearekin bat egin du Lularen aurkako akusazioak. Brasildarren begiradak Lularen ondorengo politikoaren etorkizunean jarrita daude, horregatik, Lularen aurkako auzian emandako urrats berria une garrantzitsu batean etorri da.

Petrobras auziko ustelkeria sarearekin lotuta, hiru auzibide ditu presidente ohiak. Uztailaren amaieran Justiziari oztopo egitea leporatu zioten. Hain justu, Petrobras auziko auzipetuetako baten deklarazioa isilarazteko asmoz sortutako sare batean parte hartzea egotzi zioten.

Poliziak orain uste du Lulak eta haren emazteak ez zutela dirurik ordaindu Guarujan duten hiru solairuko etxebizitza berritzeko lanengatik, eta trukean mesede politikoak egin zituztela. Horrenbestez, ustelkeria delitua, dirua zuritzea eta agiriak faltsutzea egotzi dio Polziak Lulari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur Eguneko albisteak Brasil albisteak Latinoamerikako albisteak