Mundua -
Rio 2016
Jai-giroan agurtu ditu Riok 2016ko Olinpiar Jokoak
Maracana estadioa musikaz eta kolorez bete zen atzo, eta Brasilgo inauterietako erritmoek eta tradizioek tartea izan zuten amaiera-ekitaldian.
Agentziak | Erredakzioa
Atzo, abuztuak 22, izan zen 2016ko Olinpiar Jokoen amaiera-ekitaldia Brasilgo Maracana estadioan. Apal hasi eta gero eta gehiagora joan zen musikaz betetako ikuskizun hunkigarri hori. Rioko Olinpiar Jokoen amaiera-ekitaldia sanba abesti klasiko batzuekin hasi zen, eta Brasilgo historiaren errepasoa egin zuen euripean. Martinho da Vila izan zen oholtza gainera igo zen lehen abeslaria, eta, inauterien erritmoekin batera, bertaratutako pertsona guztiak dantzan jarri zituen. Abesti klasikoez gain, rock eta elektronika estiloko abestiek ere izan zuten lekua azken ekitaldi horretan.
Olinpiar Jokoetan parte hartu duten kirolariak Maracana estadioan sartzen hasi zirenean, sanba alde batera utzi eta beste musika estilo batzuek hartu zuten lekukoa. Hala, Kygo DJ norvegiarrak eta Julia Michaels abeslariak Brasilen ezagunak diren house eta elektronika estiloko abestiak ekarri zituzten. Hala ere, Luiz Gonzagak jarri zituen dantzan bertan bildutakoak, “Asa Branca” abestiarekin. Bitartean, lokatzez mozorrotutako hainbat panpinak agertokia bete zuten.
Brasilgo ipar-ekialdean oso abesti ezaguna da hori, eta hiru musika-tresna bakarrik behar dira abestia interpretatzeko (trikitixa, triangelua eta eltzagorra). Gainera, lagunarekin batera dantzatu behar da.
Ikuskizunaren bigarren zatia Mariene Castro abeslariaren eskutik hasi zen. Berak herrialdearentzat ereserki alai baten modukoa den “Cidade Maravilhosa” abestu zuen. Jarraian, Maracana estadioak sanba eskolen desfile bat hartu zuen. Era berean, Brasilgo inauterietan ezagunak diren hainbat abesti entzuteko aukera izan zuten bertan bildu zirenek: besteak beste, “Mamá yo quiero” abestia.
Izabel Goulart modeloak inauterietako erreginaren jantzi batekin egin zuen agerraldia; Victoria’s Secret-en desfileetan erabili ohi dituen horietako bat. Gainera, Brasilgo garbitzaile ospetsuenarekin batera sanba dantzatzeko aprobetxatu zuen.
Olinpiar Jokoetako amaiera-ekitaldiaren azken minutuetan, festa-giroa nagusitu zen Marana estadioan: mozorrotutako ehunka dantzarik, inauterietako hamabi erreginak eta beste bi papagai zihoazen karroza batek, bateriak eta perkusioak agertokia musikaz eta kolorez bete zuten. Halaber, su artifizialek zerua argitzen zuten bitartean, Olinpiar Jokoetan parte hartu duten kirolariek bertan bildutakoak agurtu zituzten.
Lau urte barru, Tokiok hartuko ditu Olinpiar Jokoak, eta Rio 2016ko azken ikuskizunean horiek aurkezteko tartea ere egon zen. Teknologia berriak erabiltzeaz gain, Japoniako pertsonaia ezagunetariko bat erabili zuten: Mario Bross.
Amaitu dira 2016ko Olinpiar Jokoak, eta, horrekin batera, alde batera geratu dira herrialdeak jaso dituen kritika guztiak: mundu mailako ekitaldi hori antolatzeko izango zituen zailtasunak, lapurretak, Olinpiar Jokoetako sarrerak legez kanpo saldu izana, eta Rio 2016ko sarreren gehiegizko prezioak. Olinpiar Jokoetako oihartzuna apurka-apurka gutxituko da, eta herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoak egunkarietako lehen orriak beteko ditu berriro. Horrenbestez, herritarrek gerrikoa estutu beharko dute jaiak utzitako zorra ordaindu ahal izateko.