Mundua -
Kontrolik gabe
82.000 pertsona etxetik atera dituzte Kalifornian, sute baten eraginez
Suteak 6.000 hektarea baino gehiago kiskali ditu, eta bertako agintariak kezkatuta agertu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Sute handia piztu da San Bernardino konderriko (Kalifornia) zonalde menditsu batean, eta, horren ondorioz, 82.000 pertsona etxetik atera behar izan dituzte. Bertako agintarien arabera, suteak 6.000 hektarea baino gehiago kiskali ditu dagoeneko. Los Angelesko ipar-mendebaldetik 115 kilometrora piztu da sua.
Sutearen ondorioz, hainbat errepide itxi behar izan dituzte, 138 autobidea eta Kaliforniako hegoaldea eta Las Vegas zeharkatzen dituen estatuarteko errepidea, besteak beste.
Suteak kontrolik gabe jarraitzen du oraingoz, eta 700 pertsona baino gehiago ari dira bertan sua itzaltzeko lanetan. Suak Swarthout-eko arroilan lanean ari ziren sei suhiltzaile inguratu ditu, eta horietako bi artatu behar izan dituzte.
Gainera, egun bakar batean 6.000 hektarea baino gehiago erre dira. Alde horretatik, bertako agintariak kezkatuta agertu dira, beroak, haizeak, hezetasun txikiak eta Kalifornian dagoen lehorte handiak itzaltze lanak zailduko dituztelako.
Azken urteotan sute ugari piztu dira Kaliforniako hainbat zonaldetan, eta ehunka etxebizitza erabat suntsitu eta zortzi pertsona hil dira, Los Angeles Times hedabideak zabaldutakoaren arabera.