Mundua -

Seismoa

Lau pertsona hil eta 68 zauritu dira Perun izandako lurrikara batean

Lurrikara igande gauean gertatu zen eta 1.253 familia kaltetu dira Peruko hegoaldean, nekazaritza-eremu batean.

Peruko hegoaldean izandako lurrikara batek etxebizitza ugari kaltetu ditu. Argazkia EFE
Peruko hegoaldean izandako lurrikara batek etxebizitza ugari kaltetu ditu. Argazkia EFE
Lau hildako eta 68 zauritu, Perun izandako lurrikaran

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richter eskalan 5,3 gradu harrapatu dituen lurrikara batek lau hildako, 68 zauritu eta 1.253 familia kaltetu utzi ditu Peruko hegoaldean, Caylloma probintziako nekazaritza-eremu batean (Arequipa). Bertako agintariak helikoptero bidez ari dira laguntza bidaltzen, errepideak hautsita baitaude lurrikararen ondorioz.

Lurrikara igande gauean gertatu zen, eta Cayllomako barruti batzuk kaltetu dira: besteak beste, Ichupampa, Chivay, Achoma, Yanque, Coporaque eta Madrigal. Chivayko hego-mendebaldetik 10 kilometrora izan du epizentroa, eta 8 kilometroko sakoneran, hipozentroa.

Hildakoak 80 urteko emakume bat, 70 urteko beste bat eta haren biloba (adingabea) dira. Gainera, Yanque barrutiko gobernadoreak azaldu duenez, 66 urteko estatubatuar baten gorpua aurkitu dute Colcako Eco Inn hotelean.

Bestalde, Peruko Herritarren Segurtasunerako Institutuak (Indeci) baieztatu duenez, 132 etxebizitza erabat suntsituta geratu dira, eta tenplu bat, hotel bat, eta 556 etxebizitza kaltetu dira. Lurrikararen ondorioz, hainbat errepide itxi behar izan dituzte.

Miguel Yamasaki Larrialdiei Aurre egiteko Operazio Zentroko (COEN) koordinatzailearen arabera, Achoma eta Coporaque izan dira barruti kaltetuenak, eta kalte larrienak nekazarien etxebizitzek jasan dituzte.

Pedro Pablo Kuczynski Peruko presidenteak dagoeneko iragarri du Gobernuak laguntza emango diela kaltetutako eremuetan bizi diren herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Lurrikarak gaur Peru azken orduko albisteak Sumendien erupzioek kaltetutakoak