Mundua -
AEB
Armatuta joatea jada legezkoa da Texasko unibertsitate publikoetan
Aldekoen iritzian, herritarrak seguruago egongo dira hemendik aurrera, erasoren aurrean. Kontrakoen ustez, berriz, oso arriskutsua da hemendik aurrera zabalduko den bidea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Texasko unibertsitate publikoetara armak eramatea ahalbidetzen duen lege polemikoa gaur sartu da indarrean. Hain zuzen, gaur bete dira 50 urte Austingo campusean izandako tiroketa batean 14 lagun hil zirenetik.
Arau berriaren arabera, arma baimena izanda, armak soinean eraman daitezke unibertsitateetako eraikinetan, hainbat gunetan debekatuta dagoen arren. Texasko Parlamentuan gehiengoa duen Alderdi Errepublikanoak aurrera atera du legea.
Texasko Unibertsitatea herrialde horretako handienetakoa da, eta izen handikoa da mundu osoan. 50.000 ikasle ari dira bertan ikasketak egiten. Publikoa denez, nahitaez jarri behar du indarrean armen inguruko neurri hori, kontrako jarrera erakutsi duen arren. Unibertsitate pribatuek, berriz, ezarri edo ez erabakitzeko aukera izan dute, eta denek armak eskolara ez eramatea erabaki dute.
Hainbat campus publikoetan ere, mugatuta egongo da legea: ikasgeletan, fakultateetan edota liburutegietan armatuta joatea baimenduta egongo da, baina ikasle-erresidentziatan, laborategietan edota kirol-guneetan, oro har, debekatuta egongo da.
Aldekoen iritzian, herritarrak seguruago egongo dira hemendik aurrera, erasoren aurrean. Kontrakoen ustez, berriz, oso arriskutsua da hemendik aurrera zabalduko den bidea eta araua ez dator bat unibertsitatearen filosofiarekin.
Steven Weinberg Nobel sariduna Texasko Unibertsitateko irakaslea da, eta bere ikasgelan inor ez dela armatuta sartuko esan du. "Nire eskola-orduetara inor ez da armatuta etorriko, nire eta gelakide guztien segurtasunagatik", adierazi du.