Mundua -
Segurtasun neurriak
Frantziak segurtasuna indartuko du toki jendetsuetan eta hondartzetan
Barne ministroak esan du Frantziako Gobernuak neurri ugari hartu dituela terrorismoari aurre egiteko, baina "erasorik ez dela egongo bermatzea ezinezkoa" dela azaldu du.
Agentziak | Erredakzioa
Azkenaldian areagotzen ari diren eraso terroristen aurrean, Frantziak segurtasuna indartuko duela iragarri du Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak. Horren esanetan, “toki turistikoetan, hondartzetan eta ekitaldi jendetsuetan” babes gehiago jarriko dute uda honetan.
Segurtasun eta Defentsa ministroek parte hartu duten ezohiko ministro kontseilu batean, Gobernuak terrorismoari aurre egiteko hartu dituen neurri batzuk azpimarratu ditu Cazeneuvek, joan den ostegunean Nizako atentatuan 84 pertsona hil ondoren.
Bere hitzaldian, argi eta garbi esan du Barne ministroak: “Eraso gehiagorik ez dela egongo bermatzea ezinezkoa da”. “Hori esatea frantziarrei egia esatea da”, ziurtatu du. Alde horretatik, “Frantziak inoiz izandako mehatxu bati” aurre egin behar diola erantsi du, jihadismoari erreferentzia zuzena eginez.
Era berean, Gobernu sozialistak Nizako atentatua dela-eta jaso dituen kritiken inguruan, jendaurrean hitz egin behar dutenek “egia esateko eta duintasuna bermatzeko” duten “betebeharra” azpimarratu du Cazeneuvek, François Hollande Frantziako presidentearen izenean.
Bestalde, Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak igandean egin zuen salaketari erantzuna emateko asmoz, ohar bat argitaratu du Cazeneuvek. Izan ere, Nizako atentatua eragozteko Gobernuak ez dituela behar besteko neurriak hartu leporatu zion Sarkozyk. Cazeneuveren agiriaren arabera, aldiz, gobernu hau da terrorismoarekin bukatzeko neurri gehien hartu dituena.
Halaber, “terrorismoak hainbeste aldiz erasotzen duen herri baten batasunari heltzeko, herritarrei egia esatea funtsezkoa da”, jakinarazi du Barne ministroak, eta “eraso horiei denok batuta aurre egin behar diegu”, gaineratu du.