Mundua -
ERRESUMA BATUA
Theresa May, Erresuma Batua EBtik aterako duen lehen ministroa
'Brexit'aren aurkako jarrera azaldu du betidanik, baina erreferendumaren erabakia errespetatzeko konpromiso irmoa agertu du Mayk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteazkenean hartuko du Erresuma Batuko lehen ministro kargua Theresa Mayk, eta bera izango da 'Brexit'a azkeneraino eramango duen buruzagia. Margaret Thatcherren ondoren, herrialde horretako lehen ministro izango den bigarren emakumea izango da.
Barne ministro izan da May 2010etik, eta David Cameronen lekukoa hartuko du orain. Ondo bidean, 2020ra arte zuzenduko du Gobernu britainiarra. Andrea Leadsom zen bere lehiakide bakarra, baina lehen ministro kargura ez zela aurkeztuko iragarri zuen atzo. Alderdi Kontserbadorea zuzenduko du hemendik aurrera Leadsomek.
Izaera gogorreko emakumea denez, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin alderatu dute adituek May. 'Brexit'aren aurkako jarrera azaldu du betidanik, baina erreferendumaren erabakia errespetatzeko konpromiso irmoa agertu du.
Alderdi Kontserbadorea batzea izan da 59 urteko politikariaren helburu nagusia azken urtebetean: hau da, Erresuma Batua EBtik ateratzearen aldekoek eta kontrakoek alderdi barruan eragindako arrakala konpontzen ahalegindu da.
Erreferendumean herritarrek erabakitakoa gauzatu egingo dela agindu du. "Brexita Brexita da. Ez da bigarren erreferendumik izango, ezta Europar Batasunean geratzeko saiakerarik ere", esan zuen atzo, hedabideen aurrean egindako agerraldian. 2016aren amaiera baino lehen ez duela Lisboako Itunaren 50. artikulua indarrean sartuko ere jakinarazi zuen.
Immigrazioaren inguruan diskurtso zorrotza du, eta Erresuma Batuan sartzen diren etorkinen kopurua berriro eurek kontrolatzearen alde agertu da. Herrialdea Europar Batasunetik ateratzen denean, Erresuma Batuan bizi diren immigrante komunitarioek bertan jarraitzeko eskubidea izango duten ez du argitu Mayk.
Barne ministro kargura iritsi zenean, etorkin kopurua jaisteko konpromisoa hartu zuen: urtean, Erresuma Batuan 100.000 immigrante gutxiago izango zirela agindu zuen, baina ez zuen emandako hitza bete, eta, ondorioz, kritika ugari jaso ditu.
Margaret Thatcherrenganako miresmena ez du ezkutatu, baina politikagintzan aritzeko eredu jakinik ez duela eta bide propioa jorratuko duela nabarmendu du Mayk.