Mundua -

Dallas (AEB)

Bost polizia hil dituzte Poliziaren indarkeriaren aurkako protestetan

Beste sei polizia zauritu dituzte. Dirudienez, bi frankotiratzailek tirokatu dituzte. Bi zauritu oso larri daude.

Delrawn Small, Alton Sterling eta Philando Castileren hilketen aurkako protesta New Yorken. EFE
Delrawn Small, Alton Sterling eta Philando Castileren hilketen aurkako protesta New Yorken. EFE
5 polizia hil dituzte eta beste 6 zauritu Dallasen izandako tiroketan

1:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost polizia hil eta beste sei zauritu dituzte Poliziaren indarkeriaren aurkako protesta batean, Dallasen (Texas. AEB). Bi frankotiratzailek tirokatu dituzte, Dallaseko Poliziak jakitera eman duenez.

Poliziak agiri batean azaldu duenez, sei zaurituetatik bi egoera "kritikoan" daude eta beste biri ebakuntza egiten ari dira.

Gainera, beste pertsona bat, zibila, zauritu dute tiroketan.

Orain arte atxilotutako hiru lagunetatik bat aske utzi du Poliziak. Mark Hughesek bere burua entregatu zuen, Dallasko Poliziak “susmagarritzat jo” eta bere irudia Twitter sare sozialean zabaldu ondoren.

Hughes kamerez eta senitartekoez inguraturik agertu zen polizien aurrean, eta bere arma eman zien. “Nire argazkia ikusi bezain laster, Poliziaren auto bat gelditu dut”, azaldu du Hughesek CBSko kameren aurrean.

“Nire anaia hil ahal izan dute, norbaitek bere irudia Twitterren zabaldu duelako, hori arduragabekeria”, salatu du Corey Hughes anaia txikiak. “Poliziari lagundu baino ez diogu egin”, ziurtatu du.

Tiroketako susmagarria Dallas efe

Poliziak zabaldu duen susmagarriaren irudia. Argazkia: EFE

Obama: “Guztiak kezkatu beharko ginateke”

Azken orduetan beste bi gazte beltzen heriotza eragin duen Poliziaren indarkeriaz hitz egin du Barack Obama AEBko presidenteak. Estatubatuar guztiak kezkaturik egon beharko liratekeela adierazi du buruzagiak.

“Istilu horiek gertatzen direnean, larruazalaren koloreagatik berdin tratatzen ez zaiela sentitzen duen jendea dago. Hau ez da zurien edo hispanoen arazo bat, estatubatuarrena baizik”, esan du Obamak Varsovian (Polonia). NATOren goi-bileran parte hartu behar du bertan.

Protestak AEBetan efe

'Black Lives Matter' manifestariak New Yorken. Argazkia: EFE

David Brown Dallaseko Poliziaren buruzagiak azaldu duenez, bi frankotiratzaileek “ahalik eta polizia kopururik handiena zauritu edo hil” nahi zituzten; izan ere, segada bat prestatu dute eta polizia batzuek bizkarretik tirokatu dituzte.

Manifestazioa zaintzeko 100 poliziako dispositiboa kalean jarri dute Dallaseko buruzagiek.

Tentsioa

Poliziak bi afroamerikar hil ondoren, AEBk protesta egunak bizi ditu hiri nagusietan. Asteartean gazte bat hil zuten Louisianan eta asteazkenean beste bat Minnesotan. Sare sozialetan erasoen bideoak zabaldu zituzten.

Bi polizia zurik 37 urteko Alton Sterling Baton Rougen (Louisiana) hil zuten asteartean. Bestalde, Philando Castile gaztea Falcon Heightsen (Minnesota) hil zuten asteazkenean.

Justizia Departamentuak eta FBIk ikerketa bat zabaldu dute, Sterlingen heriotza argitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gaurko titularrak Polizia abusuen kasuak