Mundua -
AEB
Clintonen mezuak direla eta, salaketarik ez aurkezteko eskatu du FBIk
Estatuko idazkaria zenean, bere posta elektroniko pertsonala erabili zuen interes nazionaleko zenbait gai jorratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
FBIko zuzendariak astearte honetan, uztailak 5, jakinarazi duenez, ez du eskaerarik egingo Hillary Clintonen aurkako salaketak jartzeko. Izan ere, Alderdi Demokrataren hautagaiak bere posta elektroniko pertsonala erabili zuen interes nazionaleko zenbait gai jorratzeko, Estatuko idazkaria zenean. Dena den, Clinton “arduragabe jokatu” zuela azpimarratu du FBIko zuzendariak.
Clintonek erabili zuen zerbitzari pribatuaren bidez, isilpeko informazioa duten 2.100 mezu inguru bidali eta jaso ziren. Horrek erakusten duenez, ez ziren neurriak hartu “hackerren” erasoak ekiditeko.
Era berean, FBIko zuzendariak azaldu nahi izan duenez, ikerketa bulegoak hartu duen erabaki horretan ez dute zerikusirik izan Justizia Sailak edota Etxe Zuriak.
Edozein modutan ere, Justizia Sailak erabaki beharko du AEBtako Alderdi Demokratari zigorrik ezartzen dion, baina Loretta Lynch fiskal orokorrak iragarri zuenez, FBIko gomendioak jarraituko dituzte erabakia hartzeko orduan.
Trumpek erabakia kritikatu du
Donal Trump AEBtako presidentea izateko hautagaiak, erabakian izandako “iruzurra” gaitzetsi du. Gainera, honakoa idatzi du Twitter sare sozialean: “Kaltetuta dagoen Hillary Clintonek segurtasun nazionala arriskuan jarri zuela diote, baina ez dute zigortuko ¡Wow!”.
Hillary Clinton AEBko lehen emakume presidentea izateko hautagaia da.