Mundua -
BAHIKETA
Boko Haramek bahitutako 97 emakume erreskatatu dituela dio Nigeriak
Nigeriako Gobernuaren arabera, herrialdearen iparraldean, baso batean, aurkitu dituzte emakumeak, erreskate-talde berezien laguntzari esker.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Boko Haram talde terroristak Nigerian bahitutako 97 emakume, tartean haurrak, erreskatatu ditu, bart, herrialde horretako Armadak.
Lehen informazioen arabera, Nigeria iparraldean egon dira bahituta, eta erreskatatu dutenetako bat Chiboken, 2014an, bahitutako 219 nesketako bat da. Usman Sani Nigeriako Armadako bozeramaileak, agiri baten bidez, jakitera eman duenez, Serah Luka da neska hori.
Muhammadu Buhari Nigeriako presidentea, ostegun honetan, Amina Ali asteon erreskatatu duten beste neskatoarekin bildu da. Hori ere, orain bi urte Chiboken bahitu zuten. Sambisa inguruko baso batean aurkitu zuten, ihesean zebilela.
Damboan abiatu zuten, orain bi egun, operazio militarra, eta Boko Haramen gotorleku bilakatu diren oihanak arakatzen ari zirela aurkitu dituzte 97 emakumeak. Nigeriako Gobernuak zabaldu duenez, Boko Hameko 35 kide hil ditu Armadak operazio horretan.
Duela hilabete batuk, agintari nigeriarrek esan zuten Boko Haram "teknikoki deseginda" zegoela. Dena dela, Chiboken bahitutako nesken arrastorik ez dute, oraindik.