Mundua -

VENEZUELAKO GOBERNUA

Salbuespen eta larrialdi ekonomiko egoera deitu du Venezuelak

Maduroren kontrako ekimenak geldiarazi nahi ditu Venezuelako Gobernuak neurri honekin. Bien bitartean, MUD oposizioko koalizioak esan du erreferendumaren alde presio egiten jarraituko duela.

Nicolas Madur, bere jarraitzaileen aurrean. EFE.
Nicolas Madur, bere jarraitzaileen aurrean. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Salbuespen eta Larrialdi Ekonomiko Egoera" deitu du ofizialki Venezuelako Gobernuak herrialde osoan. Neurri honekin, Nicolas Maduro presidenteak oposizioak Gobernuaren aurka abian jarritako ekimenak geldiarazi nahi ditu. Besteak beste, Maduro kargutik kentzeko erreferenduma bideratu nahi du oposizioak.

"Egoera soziala, ekonomikoa, politikoa eta ekologikoa kontuan hartuta, eta horrek nazioaren ekonomiari, bake sozialari eta segurtasunari eragiten dien kalte larriaren aurrean, Salbuespen eta Larrialdi Ekonomiko Egoera deitzen da", dio Gobernuak atzo zabaldutako dokumentu ofizialak.

Joan den ostiralean iragarri zuen Madurok salbuespen egoera deitzeko erabakia; horri esker, presidentearen hitzetan, gobernuak "nahikoa botere" izango du zenbait mehatxuri, estatu kolpearenari, esaterako, aurre egiteko.

Oposizioa

Oposizioak, bestalde, Maduro kargutik kentzeko lanean jarraituko duela agindu du, eta erreferenduma deitzeko asmoari eusten diola ziurtatu.

MUD oposizioko koalizioak gogora ekarri duenez, Hauteskunde Batzirdeari presio egingo dio, erreferenduma deitzeko urratsak ematen has dadin. Horretarako lehen izapidea duela bi aste bete zuen oposizioak,  erreferenduma babesten duten 1,8 milioi herritarren sinadurak erregistratuta.

"MUD koalizioak lanean jarraituko du, presio egiten", esan du Carlos Ocariz MUDeko bozeramaileak eta Sucre herriko alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Gaur Albisteak Venezuela argazkiak