Mundua -
VENEZUELA
Erreferendumaren helburua historia baliogabetzea dela esan du Madurok
Oposizioak sinadurak bildu ditu, Maduro presidentea kargutik kendu ahal izateko erreferenduma antolatzeko. Presidenteak dagoeneko iragarri du banan-banan aztertuko dituela sinadurak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak esan duenez, bera presidente kargutik kentzeko erreferenduma "aukera bat" da, baina ez "betebeharra". Oposizioak erreferenduma antolatzeko behar diren sinadurak bildu dituela iragarri ondoren esan ditu hitzok Madurok.
Sinadura horiek banan-banan aztertuko dituela iragarri du agintari venezuelarrak. Horren arabera, oposizioaren helburua ez da Maduro atzera botatzea, "herri baten historia, Hugo Chavezen historia eta aberriaren ondarea atzera botatzea baizik".
"Bakean egin behar da guztia, Konstituzioarekin bat eginez, eta eurek euren gerra ekonomikoa bertan behera utzi behar dute. Hori da nik jartzen dudan baldintza bakara", esan du. "Bukatu da gerra ekonomikoa. Bestela, herri hau, ni buru naizela, altxatu egingo da", gaineratu du.
"Oligarkiak egunen batean nire kontrako zerbait egingo balu, eta, batera edo bestera, Presidentetzaren jauregia hartuko balu, nik gizon eta emakume langileei altxatzeko deia egingo diet, oligarkiaren aurrean garaipena lortu arte greba mugagabea deitzeko deia", adierazi du.
Atxiloketak
Bestalde, Batzar Nazionalaren urratsak gertutik jarraituko dituela aurreratu du. Gobernuak dozenaka atxiloketa egin ditu dagoeneko, Maduroren aurkako ustezko konspirazioarekin lotuta, El Universal egunkariak zabaldu duenez.
"Era guztietako azpijokoei egin diegu aurre; estatu-kolpeak, hedabideek bultzatutako gerra zikina, Ameriketako Estatu Batuen inperialismoaren erasoa, petrolio industriari eta hemengo ekonomikoari egindako sabotajea…", nabarmendu du.