Mundua -
KRISI ELEKTRIKOA
Bi eguneko lan-astea ezarri du Venezuelak, energia aurrezteko
Oposizioak gogor kritikatu du Maduroren Gobernuak hartutako neurria, geldialdi horrek, lehenaz gain, ekoizpenean eragin kaltegarriak izango dituelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi eguneko lan-astea ezarri die funtzionarioei Venezuelako Gobernuak, gutxienez bi hilabetez, herrialdek bizi duen energia krisiari aurre egiteko neurri gisa.
Hil honen hasieran Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak lehendabiziko murrizketa iragarri zuen, lau eguneko lan-astea ezarrita; apirilean eta maiatzean herrialde osoko funtzionarioek astelehenetik ostegunera lan egingo zutela iragarri zuen, energia aurrezteko. Orain, Aristobulo Isturiz herrialdeko presidenteordeak asteazkenetan eta ostegunetan ere lanik ez dela egingo jakinarazi du.
El Universal egunkariak zabaldu duenez, Guri zentral hidroelektrikoa geldituta dago, urtegiaren ur-maila asko jaitsi delako. Zentral horrek sortzen du Venezuelak kontsumitzen duen energiaren % 63.
'Madurorekin harremanetan' telebista programan, Madurok esan du nazioarteko laguntza eskatuko duela krisi elektrikoari aurre egiteko. "Nazio Batuen Erakundeko zientzia-elkarteekin harremanetan gaude, eta laguntza teknikoa eskatuko dugu, datozen urteetara begirako plangintza zehatza egiteko eta egin beharreko obrak diseinatzeko", esan du presidenteak.
Funtzionarioen lan-astea murriztuko duten arren, "oinarrizko zerbitzuetan" ez da etenik izango, Maduroren hitzetan.
Oposizioak gogor kritikatu du Maduroren Gobernuak hartutako neurria, geldialdi horrek, lehenaz gain, ekoizpenean eragin kaltegarriak izango dituelakoan.