Mundua -
Lurrikara
Ekuador, 'azken 67 urteetako tragediarik handienaren aurrean'
413 lagun hil, milaka zauritu eta ehunka desagertu dira. Europar Batasunak laguntza eskaini dio Ekuadorko Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
"Azken 67 urteetan herrialdeak izan duen tragediarik handiena". Hala deskribatu du Rafael Correa presidenteak larunbatean Ekuador astindu zuen lurrikara. Azken datuen arabera, 413 lagun hil eta 2.500 zauritu dira, baina Correak ohartarazi duenez, "gora egingo du" biktimen kopuruak, "hondakinen artean gorpu asko daudelako oraindik".
Ekuadorko buruzagiak eskerrak eman ditu nazioartetik jasotako babes eta laguntzagatik, eta tragedia gorabehera, herrialdeak aurrera egiten jakingo duela ziurtatu du.
Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak jarri ditu hondamendiari aurre egiteko. Orduek aurrera egin ahala, eta egunaren argitan, astinduak utzitako ondorioak hobeto ikusi dira. Kalteak handiak dira Manabi eta Esmeraldas eskualdeetan, baita Cauayas, Santo Domingo de Tsachilas, Los Rios eta Santa Elena eremuetan ere.
Gobernuak larrialdi estatua ezarri du, eta hasi da botikak, mantak eta elikagaiak suntsituen dauden eremuetara bidaltzen; Pedernales eta Manta hirietara, batez ere.
Hondakinen artean hilotzak ateratzen jarraitzen dute erreskate taldeek. Jose Serrano Ekuadorko Barne ministroak lurrikarak eragindako kalteak eta "bonbardaketa batek utzitako hondamena" alderatu ditu.
Pedernalesen grabatutako irudiek eraikin erabat suntsituak, behera etorritako hotelak eta negar batean zeuden bizilagunak erakutsi dituzte.
Hildakoen senitartekoak, saminduta. Argazkia: EFE
200 erreplika baino gehiago
Astindu gehiago izango diren beldur dira oraindik Ekuadorko biztanleak. Izan ere, larunbatetik 230 erreplika izan dira, Richter eskalan 3,5 eta 6,1 gradu bitartekoak. Lurrikararen epizentrotik gertu izan dira erreplikak.
Lurrikara larunbat arratsaldeko zazpiak jo baino bi minutu lehenago jazo zen (23:58 GMT) Manabi probintzian, herrialdearen iparraldean. Quito hiriburuan eta Guayaquil Ekuadorko bigarren hirian ere sentitu zuten.
Europar Batasunaren babesa
Federica Mogherini Europar Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasun goi-ordezkariak doluminak eman dizkio Ekuadorko Gobernuari lurrikarak eragindako "biktima kopuru handiagatik", eta Europak Ameriketako herrialdeari laguntzeko "eginahalak" egingo dituela agindu du.
"Gure baliabide guztiak mugitu ditugu Ekuadorko agintariei laguntzeko", esan du Mogherinik Luxenburgon eskainitako prentsaurreko batean.
Nazio Batuek eskatuta, Europako Babes Zibileko Europako Programa martxan jarri zuela iragarri zuen igandean Mogherinik.