Mundua -

Salbuespen egoera

Lurrikara batek 413 hildako eta 2.500 zauritu utzi ditu Ekuadorren

Kalte materialak handiak izan dira eta Ekuadorreko presidenteak salbuespen egoera ezarri du herrialde osoan.

Kolonbian ere sentitu dute astindua. Argazkia: EFE
Kolonbian ere sentitu dute astindua. Argazkia: EFE
7,8 graduko lurrikara batek Ekuadorreko kostaldea astindu du

2:26

AGENTZIAK | ERERDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraingoz 413 hildako eta 2.500 zauritu zenbatu dituztela jakitera eman du Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak. 7,8 graduko lurrikara batek herrialdeko kostaldea astindu zuen larunbatean.

“Kopuruak gora egingo du hondakinen artean bilatzen jarraitzen dugulako”, adierazi du Correak Europatik itzuli ondoren.

Astindua larunbat arratsaldeko zazpiak jo baino bi minutu lehenago jazo zen (23:58 GMT ordua) Manabi probintzian, Cojimies eta Pedernales artean.

Ekuadorreko Eskola Politeknikoko Geofisika Institutuak azaldu duenez, astinduaren ondorengo orduetan 60 erreplika baino gehiago izan dira, hain zuzen ere, 2,5 eta 5,3 gradu bitartekoak.

Lurrikararen ondotik, Gobernuak larrialdi egoera ezarri du Esmeraldas, Manabi, Guayas, Santo Domingo de los Tsachilas, Los Rios eta Santa Elena probintzietan eta salbuespen egoera, berriz, herrialde osoan.

Gobernuak Indar Publikoetako 14.000 kide mobilizatu ditu lurrikararen ostean ezarritako salbuespen egoeraren harira. Oraingoz, Indar Armatuetako 10.000 kide eta 300 suhiltzaile joan dira ingurune kaltetuenera, hots, Pedernalesera eta Portoviejora. Gainera, lehenengoan beste 200 pertsona ere ari dira lanean. Horrez gain Polizia Nazionaleko beste 3.500 kide joan dira Manabi, Esmeraldas, Guayas eta Santa Elena guneetara.

ECUADOR TERREMOTO EKUADOR LURRIKARA EFE

Horrela gelditu da Guayaquil hiriko zubi bat lurrikararen ondorioz. Argazkia: EFE

Jorge Glas Ekuadorreko presidenteordeak prentsaurrean azaldu duenez, Estatuko erakunde guztiak "alerta gorenean" daude larrialdi egoerari aurre egiteko, eta Pedernalesera, lurrikararen epizentroaren tokira, ospitale mugikorra bidaliko dutela iragarri du.

Hasiera batean Ekuador, Kolonbia, Costa Rica, Panama eta Peruko kostaldeetan tsunami alerta ezarri badute ere, gutxira, bertan behera utzi dute abisua.

Lurrikara Kolonbian ere sentitu dute, hala, argi horniduran mozketak izan dira eta hainbat eraikinetan pitzadurak ireki dira.

ECUADOR TERREMOTO EKUADOR LURRIKARA EFE

Lurrikarak kalte material handiak eragin ditu. Argazkia: EFE

Radio Euskadi Ekuadorreko Quevedo hirian bizi den Eneko Urreta bilbotarrarekin hitz egin du. "Herrialde osoan sentitu da, hemen ere bai. Ni nagoen herri honetan etxe bat edo beste erori da, baina jendea onik dago. Bertakoek ez dute horrelako astindurik gogoratzen", azaldu du.

Espainiako Gobernuaren esanetan, ez dago kaltedunen artean espainiarrik dagoela esateko frogarik. Dena den, Espainiak Quiton eta Guayaquilen dituen kontsulatuak bertako agintariekin harremanetan jarri dira informazioa biltzeko, Espainiako Atzerri Ministerioaren iturriek berri eman dutenez.

Halaber, Espainiako Gobernuak bi telefono jarri ditu kaltedunen eskura: Espainiak Quiton duen kontsulatuko telefonoa -0995620291 Ekuadorretik deitzeko eta 00593995620291 Ekuador ez den herrialderen batetik deitzeko- eta Espainiak Guayaquilen duen kontsulatuko telefonoa -0984975394 Ekuadorretik deitzeko eta 00593984975394 Ekuador ez den herrialderen batetik deitzeko.

Lurrikararen eraginez euskaldunik kalteturik dagoen ikertuko du Jaurlaritzak

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur adierazi duenez, Gobernuak protokoloa jarri du martxan lurrikararen eraginez euskal jatorriko norbait kalteturik dagoen jakiteko. Horretarako, Jaurlaritza ordezkaritza diplomatikoarekin eta Ekuadorreko kontsulatuarekin jarri da harremanetan

Ondorioz, tentuz jokatzeko eskatu du oraindik ezin baitateke baieztatu edo ezeztatu lurrikarako kaltetuen artean euskaldunik badagoen. Informazioa izan bezain laster jakinaraziko dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko titularrak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Kolonbiako albisteak gaur Lurrikarak gaur Lurrikaretan hildakoak