Mundua -
Lurrikarak
Japoniako bi lurrikarek 41 hildako eta 2.000 zauritu utzi dituzte jada
Japonian martxan dagoen zentral nuklear bakarra lurrikarak gertatu diren gune berean dago; hala ere, agintariek diote instalazioek ez dutela kalterik jasan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostegunean eta larunbat honetan Japoniako Kunamoto prefekturan gertatu diren bi lurrikarek, bata 6,2koa eta bestea 7,3koa Richter eskalan, dagoeneko 41 hildako eta 2.000 zauritu eragin dituzte dagoeneko, azken datuen arabera.
Japoniako Meteorologia Agentziaren arabera, azken astindua larunbat goizaldeko 01:25ean jazo da Kumamoto prefekturan, Kyushu uhartearen mendebaldeko kostaldean, eta hipozentroa 12 kilometroko sakoneran izan zuen. Prefekturako zenbait gunetan lurrikararen intentsitatea 6 plusekoa izan da (0tik 7ra bitartera doan Japoniako eskalan).
"Osteguneko lurrikara (9 hildako) bigarrenaren abisua izan liteke", adierazi du Tohokuko Unibertsitateko Shinji Toda irakasleak. Geroztik hainbat erreplika izan dira, handiena 5,8koa.
Japonian martxan dagoen zentral nuklear bakarra (Sendaiko zentral nuklearra) lurrikarak gertatu diren gune berean dago; hala ere, agintariek diote instalazioek ez dutela kalterik jasan.
Bestalde, 160.000 pertsona beren etxeetatik aterarazi dituzte eta 78.000 etxebizitza inguru argi hornidurarik gabe gelditu dira Kumamotoko prefekturan eta zenbait gunetan gas hornidura eten dute.
Astinduak kalteak eragin ditu Kumamotoko aireportuko eraikinean eta, ondorioz, agintariek itxi egin behar izan dute. Halaber, hainbat hegaldi eta bala trena bertan behera gelditu dira.
Igandera arte euri jasa indartsuak espero dira eskualdean eta, hori dela eta, balizko luizien aurrean adi egoteko eskatu diete agintariek herritarrei.